GARA > Idatzia > Kultura

Hamar poetaren lanak lau hizkuntzatan bildu ditu Euskaltzaindiak liburu batean

«Ahotsa, hitza, hizkuntzak» olerki-antologia aurkeztu zuen atzo Euskaltzaindiak. Hamar euskal idazleren poemak biltzen ditu liburuak, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu zuenez, «Euskal Herriaren bisita txartela izatea nahi dugu, munduari irekitako ahots bat». Pablo Gonzalez de Langaricak eta Sebastian Gartzia Trujillok egin dute autore aukeraketa eta poema bakoitzak espezialista baten sarrera du.

p048_f01_148x84.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Hamar egileren lanak -euskaraz idazten duten bost eta gaztelaniaz egiten duten beste bost- biltzen ditu «Ahotsa, hitzak, hizkuntzak» olerki-antologiak. Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Xabier Lete eta Bernardo Atxaga, batetik. Angela Figuera, Blas de Otero, Javier de Bengoechea, Jorge Gonzalez Aranguren eta Blanca Sarasua, bestetik. Guztien lanak, egile bakoitzaren bosna, lau hizkuntzatan aurkezten dira: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

«Badu Euskaltzaindiak, argitalpen honen bidez, tresna berria, aldizka etortzen zaizkion aditu eta gainontzekoei gure olerkien albiste emateko eta munduan zehar gure kultura eta hizkuntzak barreiatzeko. Egungo mendeak eta egungo munduak hala eskatzen duela argi dago eta bide horretan jarraitzeko zalantzarik ez du Akademiak», esan zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak Bilbon egindako aurkezpenean.

Pablo Gonzalez de Langarica, «Zurgai» aldizkariaren arduraduna eta Sebastian Gartzia Trujillo euskaltzain urgazleak egin dute egileen aukeraketa lana. «Zer da hobe, olerkari asko biltzea edo gutxiren poema adierazgarrienak azaltzea? Guk bigarren bidea hautatu dugu», esan zuen Gartziak. Poemen aukeraketa, «espezialistek» egin dute, baita sarreratxo bana ere.

Atzoko ekitaldia bukatzeko, Bernardo Atxagak eta Blanca Sarasuak bina poema errezitatu zituzten eta liburuko egile bakoitzaren senitartekoei oroigarri bat eskaini zion Euskaltzaindiak.

Gabriel Arestiren omenezko koadroarekin gogoratu zuten Bilboko poeta

Gabriel Aresti euskaltzain urgazle izandakoaren omenezko ekitaldi xumea egin nahi izan zuen atzo Euskaltzaindiak. Andres Urrutiak eta Ameli Estebanek, Gabriel Aresti zenaren emazteak, agerian utzi zuten Bilboko poetaren koadroa, Jorge Garcia Alegria artistak eginikoa eta, hemendik aurrera, Euskaltzaindiaren batzar aretoaren sarreran egongo dena. Urrutiaren esanetan, «Euskaltzaindia prest dago, irudia ez ezik, bestelako lanak eta ekimenak ere bultzatzeko haren inguruan, uste baitu Arestik eta Bilbok, euskarak eta euskalgintzak hori merezi dutela». A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo