Ibilbide profesionaletik jasotako hamaika bizipen bildu ditu Ignazio Arregi kazetari beteranoak
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Kazetari gisa bizi izandako hamaika pasadizo bildu ditu Ignazio Arregi (Oñati, 1931) jesulagunak «Eta orain, zer?» autobiografian (Alberdania). Jesulagunen hezkuntzako hamabost urteak egin ondoren, Milango Unibertsitatean egin zituen kazetaritza ikasketak oñatiar honek. Sorreratik egon zen Loiola Irratiaren proiektuan (1978an zuzendari izendatu zuten) eta 1982an Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca, S.A. sozietate anonimo publikoaren administratzaile eta zuzendari izendatu zuten; kargu horretan aritu zen lau urtez.
Gero, 1986an, Vaticano Irratian hasi zen lanean, programazioko zuzendariorde eta informaziozerbitzu zentralen arduradun izana delarik hogei urtez.
Guztiz erretiroa hartu gabe baina lasaitasun handiagoz bizi du kazetaritza gaur egun Arregik. Hala, 1931tik 2009arte hedabideen alorrean bizitakoak bildu ditu «Eta orain, zer?» alean.
Kazetaritzarekin zerikusia duten azalpenez gain, erlijioari eta Euskal Herriko egoerari buruzko gogoetak ere txertatzen ditu lan berean. Eta, autobiografia bat aurkezten duen arren, bere buruaz baino gehiago, urte horietan guztietan ezagututako pertsonaiez mintzo da, «prosa komunikatibo eta erraz» batez lagunduta, Inazio Mujika Alberdania argitaletxeko editoreak azaldu zuenez.
Hiru ikuspegi
Arregik hiru ikuspegi nagusi baliatu ditu bere lana biribiltzeko; batetik, bere jatorri oñatiarra; bigarrenik, jesulagun izaera; eta, azkenik, kazetaritza bera. Horrela, ohiko kontakizun liburuetatik ihes egin nahi izan du: «Kronologiari jarraituz, kronika laburren bidezko esperientziak kontatzen ditut, nik bizi izan nituen bezalaxe». Beraz, bere garaiko gizasemeek bizi izandako «lurrikarak» helarazi nahi ditu, bai kalean, bai etxean, eskolan edo politika mailan.
Vaticano Irratian emandako hogei urteetan gertatutakoei buruz idazteko «askatasun handiagoa» duela orain nabarmendu zuen, Elizaren goi presioetatik urrunago bizi delako-edo.
«Bidaia luze baten amaieratzat» jotzen du kazetari beterano honek autobiografiaren osaketa. Hala, liburuaren azken orrialdeetarako, «atzera begiratu dut eta Euskal Herria, euskal kultura eta euskara bera nola ikusten ditudan» aztertzen jarduten du.
Irakurleen adina ere bere ibilbidea bezain zabala da. Lehenengo bere adineko jendeari zuzendutako lana dela esan zuen arren, kazetarientzat eta komunikabide ikasketetan jarduten dutenentzat ere aproposa dela nabarmendu zuen.