GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jai giro bete-betea izango da Durangon datorren igandera arte

San Fausto jaiak iritsi dira Durangora eta datorren igandera arte jai giroa izango da nagusi herrian. Kontzertuak, lehiaketak, kale animazioa eta hainbat erakustaldi dakartza egitarauak, durangarrak eta kanpotik etorritakoak ase uzteko moduko eskaintza beraz. Aurten, hamaika txosnak eta bi karpak -Zapaburu gazte konpartsa sortu berriak ere karpa jarriko du aurten- osatuko dute Pinondoko txosnaguneko egitarau «aberatsena eta oparoena».

p020_f03.jpg

GARA |

Durango jai giroak hartua dago jada. Jaien hasierako txupinazoa eta pregoi ofiziala gaur eguerdian ospatzekoa bada ere, Txosna Batzordeak aurrea hartu, eta atzo arratsaldean egin zuen Pinondoko txosnaguneraren irekiera ofiziala. Durangoko zenbait lagun Andramaritik kalejiran abiatu ziren atzo 20.30 aldera. Ordu erdira, Zapaburu gazte konpartsak txupinazoa bota eta jaiari hasiera eman zion. Estricalla, Des-Kontrol eta Iheskide taldeen eskutik musika lau haizetara zabaldu zen.

Iazko txosnagunean karpa bakarra zegoen; aurten, berriz, bigarren karpa bat jarri dute, Zapaburu gazte konpartsak hain zuzen. Horiez gain, beste hamaika txosnak osatuko dute Pinondoko gunea. Jai herrikoiak bultzatzea izango dute xede eta, horretarako, aurten apustu handia egin dute eta egunerako ere hainbat ekimen antolatu dituzte.

Pregoi ofiziala, Saroberen esku

Durangoko San Fausto jaien ofiziala, berriz, gaur eguerdian izango da. Eguerdiko ordu batean, Jon Sarobe dantzariak pregoia irakurriko du txupinazoa bota aurretik.

Jon Sarobe Ikobaltzeta Durangon jaio zen 1960an, eta zazpi urte besterik ez zituela dantzatu zuen lehendabiziko aldiz aurreskua. Zentzu horretan, Udaleko Jai Batzordeak, San Fausto jaiei hasiera emateko aukeratu duen gizona «aurreskulari bikaina» dela adierazi du harrotasunez.

Izan ere, hogeita hamar bat urtez sanfaustoetan artopilak banatzen diren egunean udaletxe aurrean, txistuaren doinua jarraituz eta estilo fin eta dotoreaz, hankak inork baino gorago altxatzen ikusi izan dute urtero-urtero durangarrek Jon Sarobe.

Gaur, Gazte Eguna

Gaur Gazte Eguna ospatuko dute Durangon. Bazkaldu aurretik, 12.30ean, triki-poteoarekin emango diote hasiera egunari. Euria eginez gero, Andra Marin ospatuko da bazkari herrikoia. Arratsalde parterako, bostak inguruan ekimen «sorpresa» bat antolatu dute; gero kalejiraren eta ekitaldiaren txanda izango da. Anger, Governors eta Ze Esatek! taldeen kontzertuak izango dira gaur partean Pinondoko txosnagunean; Landako gunean, aldiz, Lor, Surfin Kaos eta Eraso! taldeen emanaldiak.

Gazte mugimendua sendotuta dator eta horren adibide dugu Zapaburu gazte konpartsa dugu. San Fausto jaiak abiapuntu hartuta, «jendea lokaletatik atera eta kaleak gaztetzea» du helburu gazte konpartsak. Horretarako, jaietan ez ezik, urte osoan antolatuko dituzte zenbait ekimen.

«Orain dagoen aisialdirako aukerarekin korforme ez, eta ideia eta proposamen berriak plazaratzea ere» nahi dutela adierazi zuten aurkezpen egunean, aurreko larunbatean, hain zuzen. Zapaburu konpartsak alternatiba «propioak eraikitzeko ordua» dela deritzo eta, jaiak abiapuntu hartuta, «kalean, gaztetxean eta gazteonak diren beste hainbat esparrutan» ere arituko direla iragarri zuten.

Azoka ekologikoa

Igandeari dagokionez, txistulariek goizeko zazpietan joko dute diana. Ordu erdi geroago, dultzaineroekin Zezenak Dira ekitaldiari ekingo diote. Goizeko hamarretatik ordu biak arte, Ezkurdin haur parke espaziala atonduko dute eta, ordu berean, Landako parkean ausartenek rokodromoa eta tirolina probatzeko aukera izango dute.

Durangoko Txosna Batzordeak antolatuta, hamaikak aldera, azoka ekologikoaren txanda etorriko da. Bertan, baserriko produktu ekologikoak erosteko eta ogitarteko edo talo goxo bat jateko parada izango dute durangarrek zein kanpotik hurbildutako lagunek. Berrikuntzen artean aurkeztu zuen batzordeak igandean txosnak irekitzearena, izan ere, horien izaera herrikoia nabarmentzea dute helburu, eta honen harira zenbait ekimen antolatu dituzte igande goizerako. Besteak beste, txikienek ere, beren lekua topatuko dute Pinondoko eremuan, izan ere, eguerdirako beraiei propio zuzendutako tailerrak prestatu dituzte.

Arratsalde partea alaitzeko, Jon Maia, Sustrai Colina eta Eneko Abasolok «Abarkas» bertso saioa eskainiko dute. Gero trapezio ikuskizuna izango da txosnagunean. Durangoko alde zaharrean, ordea, 17.00etan, Toricos de la Navarrería-ren eskutik entzierro txikia izango da. Hortik ordubetera, Nesken fanfarrearekin kalejira egingo dute. Zortzietan, Santa Ana plazan Trapu Zaharra taldearen eskutik «Camping remove» kale antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

San Fausto eguna heldu baino lehen, astelehenerako eta astearterako ere, zenbait ekimen antolatu dituzte. Hala nola kontzertuak, skate erakustaldia, marmitako txapelketa edota haurren xake lehiaketa.

jaietako abestia

Jaiei doinua jartzearen aldeko apustua egin du Txosna Batzordeak. Horretarako, Mikel Nuñez eta Igor Elortzaz gain, Durangaldeko beste zenbait lagunek ere osatu dute abestia.

kultura eskaintza

Kultura eskaintza oparoa izango da jaietan. Hala nola kartel lehiaketan parte hartu duten lanak eta Txelu Angoitiaren «Malaire. Viaje a Kinshasha» bildumako argazkiak izango dira ikusgai.

Egitarau «aberats eta oparoena» osatzen saiatu da Durangoko Txosna Batzordea

Atzo hasi eta urriaren 17 artean ospatuko diren sanfaustoetarako ahalik eta egitarau «aberats eta oparoena» osatzen saiatu da Durangoko Txosna Batzordea. Horretarako, ohiko ekimenez gain, batzordetik hainbat berrikuntza proposatu dituzte aurtengo jaietarako.

Besteak beste, berrikuntzen artean, jaietako bi igandeetan, hau da, hilaren 10ean eta 17an, zabalik egongo dira txosnak. Ekimen honen asmoa, gauez ez ezik, durangarrek jaiak egunez ere disfrutatzeko aukera izatea da. Adibidez, egunez jaia bizitzeko apustu horretan, biharko Azoka Ekologikoa kokatu du batzordeak. Jai guztietan zehar, herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz, datorren asterako, paella zein tortilla lehiaketak antolatu dituzte, besteak beste.

Egitarauan ez ezik, Durangoko Txosna Batzordean bertan berrikuntzak egin eta aurkeztu dituzte. Lehenik eta behin, eta jaietako kartelean ikus daitekeenez, irudi berri batekin aurkeztu du batzordeak bere burua aurtengo San Fausto jaietan, nahiz eta, adierazi zutenez, `Patxika' ez duten alboratuko.

Berrikuntza horien guztien artean ere, Durangoko jaiei doinua jartzeko apustua egin du batzordeak. Abestiaren musika Mikel Nuñezen eskutik dator eta hitzak, berriz, Igor Elortzak jarri ditu. Nuñez eta Elortzaz gain, Durangaldeko hainbat lagunek ere abestiaren sorkuntzan parte hartu eta zenbait instrumentu jo dute.

Azkeneko berrikuntzen artean komunikazioari lotuta dagoena da. Txosna Batzordeari buruzko informazioa, egitaraua, abestia eta albisteak www.durangokotxosnak.org helbidean aurkitu daiteke. Komunikazio arloari dagokionez ere, Durangoko Txosnak taldeak 1.500 lagunetik gora batu ditu Facebook-en.

Bestalde, batzordeak ongi etorria eman nahi izan dio Zapaburu Gazte Konpartsari, irailean aurkeztu denari. Gazte Konpartsa izango da txosnetako pregoia irakurtzeaz arduratuko dena. Guztira, Pinondoko txosnagunean, bi karpa egongo dira aurten, Bultza eta Zapaburu konpartsenak, hain zuzen. Eta, beste barik, Txosna Batzordeak dei egiten die durangarrei zein kanpotarrei Pinondora hurbildu eta jai giroan murgiltzeko. Txosnagunean jarrera sexista, homofobo edo arrazistarik ez dela onartuko argi utzi nahi izan dute batzordetik.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo