Baleren Bakaikoa Azurmendi
Ongizate estatuaren ordezko bila?
Jadanik badira berrogei urte ongizate estatua ahultzen hasi zela. Lehenbizi Milton Friedman bezalako ekonomialari neoliberalek teorizatu zuten estatuak ekonomian esku-hartzearen aurka. Izan ere, estatuaren esku-hartzeak ekonomia jarduerari kalte egiten omen dio eta estankamendura eraman..
Keynes eta keynesiarren teoria ekonomikoak auzitan jarri zituzten Friedman eta enparauek, eta teoria horiek praktikan jartzea besterik ez zen geratzen. Horretara heldu ziren Thatcher anderea Erresuma Batuan eta Reagan AEBetan. Gerora, Europako kontinentera ere iritsi dira neoliberalen politika ekonomikoak, batik bat Europar Batasunera (EB). Hor, gehien bat, Europako Batzordea da neoliberalen aitzindaria, ahaztu gabe EB osatzen duten herrialdeetako gobernuak, sozialdemokratenak barne; hauen artean R. Zapaterorena: oroitu zer esaten zuen eta zer ari den egiten.
Neoliberalismoak ongizate estatua mehartzea ekarri du, baina mehartze hori eskandinaviarrek nahiko ondo saihestu dute. Izan ere, herrialde hauetan oraindik estatuak Barne Produktu Gordinaren (BPG) erdia baino gehiago kudeatzen du. Horrek esan nahi du zerga garaiak dituztela eta ondorioz gastu publiko maila esanguratsuekin jarraitzen dutela. Gastu horien artean, gizartera zuzenduak, hain zuzen gastu sozialak, munduko altuenak dituzte.
(...) Gainera, krisialdi honetatik nahiko ondo irteten ari dira. Nola? Bada, hezkuntza sistema etengabe hobetuz, eta, batik bat, Ikerkuntza eta Garapenari lehentasuna emanez, non munduko gastu altuenak baitituzte, Espainiako Estatukoak baino hiru bider handiagoak! (...)
Orotara, adibidez, Suediak gastu sozialetara BPGren ehuneko 32 inguru bideratzen du, Hego Euskal Herriak baino 15 puntu gehiago! Hala ere munduko merkatuetan lehiakor dirau.
Baina dena ez da orain arte bezala izango (...) azken hauteskundeak dira, alderdi kontserbadoreek irabazi baitituzte eta beraien programa betetzen baldin badute, klase ertainen zergak arindu egingo dituzte. Eta jakina, ongizate estatua zerga aurrerakorretan oinarritzen bada, horrelako neurri fiskalaren ondorioa ongizate estatuaren arintzea izango da.