GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kontzertu Ekumenikoa, dietan jarrai!

Hitz batzuk gero eta ohikoago bihurtzen ari dira, klimax politikoaren aldaketa seinale edo. Horra, kasuko, «eszenatoki» berba. Eszenatoki berria gauzatzen gaude. Baina badaezpada Galiziak hartu digu horretan aurrea, Atlantikotik datozen euri-fronteekin egin ohi digun legez. Eszenatoki-lanetan jardun dute su eta ke egunotan. Gero, letra txikerra irakurritakoan jakin izan dut ez dela inongo aldaketarako eszenatokia, oraingo statu quo bere honetan mantentzekoa baino. «Estabilidad» esango luke moderazioan erradikala den nazionalismo auto-izendatuaren presidenteak. Izan ere, Aita Santuaren bisitarako eszenatokia da hangoa, behin-behinekoa beraz. Gainera, irakurtzen segituta kristoren watt-eko aparatuak jarriko dituztela jakin izan dut, era guztietako argi-fokutzarrak eta meza urrun-urrunetik entzuteko moduko bafleak eta guztiz! Gauzak horrela, jai dauka mezaren totus tuus horri ihes egiteko beharrez Galiziako mendiren batera jotzeko asmoa izan duenak. Gizajo halakoa! Tira, harira, meza nagusira! Kontzertu handietako taldeek erabili ohi dituzten wattak baino gehiago izango omen dira hango zeruan. Omen, amen. Berarentzat nahiko lituzke horiek hemengo Kontzertu Ekonomikoak! Tira, Wattikanoa esan beharko aurrerantzean!

Dena dela, bada Elizaz ulertzen ez dudan gauza bat; egia esan, zintzo, ez dut ezertxo ere ulertzen, eta ez latinagatik prezisamente. Hainbeste argi inguruan behar dituena ezin berez, barrutik, oso argia izan; ezin argi dibinoaren banatzaile modura ibili han-hemenka inguruan aparteko hainbeste watt lurtarren beharra duena. Ala, akaso, krisia krisi, Goiko Jaun horrek igo egin dio Elizari argindarraren faktura? Kapaz. Ez da harritzekoa gero gure beheko Estatuko Kontzertu Ekumenikoaren bozeramaileren batek esana bisita hori berez den negozio ekonomiko-ekumenikoaren harira: «loroaren txokolatea da». Hau ona! Jakin bagenekien Eliza herriaren opioa zela, baina hain argi adieraztea ere, herriari loro deitua! Ama, ama! Haserre egongo dira orain Literatura Nobela ez diotelako San Joani eman. Korintiarrak berriz, txoratzen egongo dira! Hain zen aspergarri! Total, Kontzertu Ekonomikoa dela, Konferentzia Ekumenikoa dela, mitxelinak nonahi statu quo-ren kontura gizentzen. Dieta berezia horiena. Eta eszenatoki horri jarraitzeko sutsu, ezertxo ere aldatu ez dadin. Badaezpadakoan. Amen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo