GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autodeterminazioaren alde bat egin dute dozenaka aurpegi ezagunek

EA, ezker abertzalea, EAJ, Aralar eta Abertzaleen Batasuneko ordezkariak; kirol, kultura eta sindikalgintzako aurpegi ezagunak... Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aldeko idazkia sinatu zuten atzo dozenaka lagunek Donostiako Miramar jauregian, Nazioen Mundua ekimenarekin bat eginda. Halaber, datorren astean Ordizian «Autodeterminazioa gauzatzeko unea iritsi da» lelopean egingo den jaialdira joatera ere dei egin zuten.

p016_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Heldu den larunbatean, «Autodeterminazioa gauzatzeko unea iritsi da» lelopean jaialdia egingo dute Ordizian, Nazioen Mundua ekimenak antolatuta. Herritarrei bertan parte har dezaten dei egiteko eta autodeterminazioaren aldeko manifestua sinatzeko, politika, kultura, sindikalgintza eta kirol arloko jende ezaguna batu zen atzo eguerdian Miramar jauregian.

Besteak beste, han ziren Karmele Aierbe, Karlos Garaikoetxea, Mertxe Kolina, Ramon Labaien, Tasio Erkizia, Julen Madariaga, Ainhoa Beola, Jone Goirizelaia eta Maria Eugenia Arrizabalaga. Kirol eta kultura arloko aurpegi ezagunak ere baziren: Andoni Egaña, Nestor Basterretxea, Amets Arzalus, Jon Maia, Mikel Labaka, Iñaki Perurena, ASier Gozategi, Unai Elorrieta eta Joxe Mari Agirretxe, kasurako.

Juan Jose Agirre beneditarrak euskaraz, Andoni Egañak gaztelaniaz eta Mertxe Kolinak frantsesez irakurri zuten manifestuaren bidez, bildutakoek «itxituretatik irten eta langa pasatzeko erabaki sakona» hartu dutela ohartarazi zuten. Guztiek ere, ziur asko, «Euskal Herriarentzat proiektu, egitura nahiz etorkizun ezberdina nahi izan arren», demokrazian oinarritutako printzipio baten aldeko jarrerak bildu dituela nabarmendu zuten, «giza eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatuz, autodeterminazioaren edo erabakitzeko eskubidearen aldekoak», hain zuzen ere. Bidea joera eta ideologia ezberdineko pertsonek elkarrekin egin beharrekoa dela uste dute, «harik eta bide horrek erabakitzeko eskubidearen bidegurutzeraino eramaten gaituen arte, behintzat». Guztiagatik, testua sinatu zutenek Euskal Herria nazio naturala dela ohartarazi nahi izan zuten, bai eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela ere.

Ekitaldiaren amaieran banan- banan sinatutako adierazpenean, halaber, euskal herritarrek autodeterminatzeko duten eskubidea aldarrikatu eta, «eskubide demokratiko unibertsala delako», Euskal Herrian eta nazioartean eskubide horren eskaria egingo dutela hitz eman zuten.

Eskoziarrek protagonismo berezia hartuko dute datorren asteko jaialdian eta, izatez, bertatik iritsitako ordezkaritza zabala izango da. Nazioen Mundua ekimeneko kide Dani Oiarbidek gogora ekarri zuenez, Eskoziak momentu historikoa bizi du egun eta inertzia horrek hemen, Euskal Herrian, eragin dezan gertutik jarraitu nahi dute. Euskal Herriari dagokionez hau adierazi zuen: «Norabide onean jotzen duten haize ezberdinek, aukera historikoan kokatzen gaituzte, unea iritsi da».

Jaialdiari helduta, goizean eskoziar jokoen «erakustaldi historikoa» izango da; eguerdiko bazkariaren ostean pailazo ikuski- zuna izango da Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Big Rory eta Ochie the Dog pailazo eskoziarren eskutik. Gauean, kontzertuak izango dira eta bertan arituko dira: Berri Txarrak, Red Hot Chili Pipers, Gose, Trikizio eta Oreka TX, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo