GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

CHALLENGE

Minuturik gutxien jokatu dituztenek aukera izango dute Avironen

J.L.

European Challengek ez du Heineken Kopak duen distirarik, eta taldeek beren Ligako partidak prestatzeko eta minuturik gutxien jokatu dituzten jokalariei minutuak emateko baliatzen dute.

Avironek gaur ekingo dio aurtengo ibilbideari 18.45etik aurrera, eta Harlequins taldea hartuz hasiko da, gainera, Jean Dauguer estadioan. Ez dator unerik onenean partida hau, zuri-urdinek Ligako azkeneko hiru partidak galdu egin baitituzte, eta denboraldi hasiera ikusgarri hura dezente apaldu zaie.

Alabaina, ona ere izan daiteke, orain Europako bi partidak irabaziz gero, berriro ere indarra hartzeko balioko baitie jokalariei.

Hala ere, Ligak du garrantzia Avironentzat, nahiz eta Gajan zuzendari teknikoak adierazi duenez, lehiaketa hau ere ez duten baztertzen. Dena dela, gaurko hamabostekoan hain ohiko ez diren jokalariak eta ohikoek bat egingo dute, eta proba batzuk egiteko ere balioko du. Partida ere ez da betiko orduan jokatuko, eta telebistak eskainiko duenez, ez da espero jendetza handirik Jean Dauguer estadioan, lehiaketa honek berez ere apenas erakartzen baitu jenderik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo