Lau eta erdiko I. Nitro Torneoa
Ez dago Bengoetxearen bolada geldituko duenik
Oinatzek erakustaldi berria eman zuen tantoa finitzeko duen abileziaz baliatuta eta prest da Lau eta Erdirako.
Ander GARTZIA
Barriola 12
Bengoetxea VI 22
Egunotan hego haizeak eraginda uda itxura handiagoa daukan udazkenak bezala, Bengoetxea VI.aren bolada onak ez du etenik. Lau eta erdiko koadroraino mugatutako kantxan erakustaldi paregabea eman zuen Oinatzek, eta argi geratu zen egun tantoak finitzeko erraztasun handiena duten pilotarietako bat dela. Bengoetxea VI.aren joko zuzena barealdirik gabeko haizete latza izan zen Abelentzat, eta udazkeneko hostoak erortzen diren gisara jausi ziren kintzeak gazteenaren aldera. Beraz, hastear den Lau eta Erdiko Txapelketan nafarra mendean hartu nahi duenak erruz egin beharko du lan.
Izan ere, orain arteko txapelketetan azken ligaxkarako txartelik lortu ez duen arren, Oinatzek argi azaldu du gose biziz iritsiko dela aurtengo ediziora. Leitzarra joko-puntu ezin hobean da eta azken hilabeteetan garaipenak pilatzen lagundu dion bolada ederrari jarraipena emateko gai baldin bada, apustuzale batek baino gehiagok izango du begiz jota nafarra.
Txapelketa aurreko azken proba nagusian ere, jaun eta jabe izan zen Oinatz koadro azkarrenetan eta tantoak bukatzeko garaian errepertorio faltarik ez zioten sumatu nonbait txalo zaparradak eskaini zizkioten zaleek. Leitzarra frontisaren aurrean kikildu ordez, hazi egiten den pilotaria da eta maisuki aritu zen pilotan dejadak eta gantxoak batera eta bestera jaurtiz.
Partidaren alde biak
Halere, partida gogorra izan zen aurreneko zatian, batik bat Barriolaren lan eskergaren erruz. Abelek gutxitan ematen du amore eta zailtasun ugari jarri zizkion atzo aurkari zuen auzokideari; Barriola behin eta berriz saiatu zen kolpearekin tantoak hausten, baina ezerezean gelditu ziren saiakera guztiak. Pilotakada indartsu bezain antzuen aurrean dejada eta kolpe ederrekin erantzun zuen maiz Oinatzek.
Aurreneko tantoetan Abelek tantoa sarri kontrolpean izan arren, Bengoetxea VI.a izan zen une oro tantoak asmatzeko edo kale egiteko balentria erakutsi zuen bakarra, eta borobil atera zitzaion apustu ausarta. Hala, norgehiagokaren zazpigarren tantoraino itxaron behar izan zuten zaleek benetako lehen kintze lehiatuaz gozatzeko: Barriolak astindu galantak eman zizkion pilotari, baina abilezia eta dohain ikaragarriak erakutsi zituen Oinatzek defentsan, nahiz eta bere hutsari esker hurbildu zen Abel; 3-4.
Barriolak eutsi zion partiduari ahal izan zuen bitartean, baina 8-11ko markagailuaz geroztik, nekea nagusitzen hasi zen heinean, Bengoetxeak ez zuen aurkaririk izan. Oinatzek bapo gozatu zuen pilota eta hamabosgarren tantoraino errenkadan iritsi ostean salbu ikusi zuen garaipen berria.
Uda bukatu bezala hasi du Oinatzek udazkena eta garbi utzi zuen joko-puntu paregabean dela. Leitzarrak begiz jota du hastear den Lau eta Erdiko Txapelketa eta tentuz aritu beharko dira aurkariak nafarra mendean hartu nahi baldin badute.
Etenaldirik GABE Atzoko finalaren ostean atsedena hartzeko betarik gabe, Barriolak Martinez de Irujo izango du aurrez aurre arratseko bostetan Lekunberrin ospatuko den jaialdian. Leitzarrak Aritz Lasaren laguntza izango du eta Ladis Galartza arituko da Iberokoaren atzelari.
Patuak, ordea, errebantxarako aukera luzatu dio Abel Barriolari, nahiz eta kasu honetan pilotarien abileziak emango duen azken epaia.
Izan ere, Lau eta Erdiko Txapelketari begira kanporaketak zehazteko eginiko zozketan zoriak multzo berean batu nahi izan zituen bi pilotari leitzarrak. Horrela, Abelek eta Oinatzek aurreneko koska gainditzea lortuz gero, berriz neurtu beharko dituzte indarrak frontoiko distantzia motzean.
Abelek Saralegi izango du aurkari hilaren 17an Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko den hil ala biziko kanporaketan, eta Asegarceko aurrelari trebeak, berriz, Beroiz hartu beharko du mendean, aurrera egin nahi izanez gero.
Udan leitzarrek erakutsitako maila kontuan hartuta, ezusteko galanta litzateke pilotazaleak errebantxako partidarik gabe geratuko balira, batik bat iazko emaitzari erreparatuta, erraz antzeman baitaiteke Bengoetxea VI.aren nagusitasuna: leitzarrak 5ean utzi zuen Beroiz iragan urteko kanporaketan.
Aurrera egitea lortzen duen pilotariak Retegi Bi izango du zain.
A. G.