GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Andoni IRAOLA | ATHLETICEKO JOKALARIA

«Baikortasunari eta helburuei eusteko arrazoiak baditugu»


Zazpi puntu besterik ez ditu lortu Athleticek lehen sei jardunaldietan, baina Andoni Iraolak, taldeak jokoa hobetu behar duela onartu arren, udako baikortasunari eta helburuei eusteko arrazoiak badirela uste du. Eskarmentudunak hala esaten badu, ontzat hartu beharko da.

p028_f01_444x444.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

Nahiago luke Andoni Iraolak jokatzen aritzea gurekin solasean jardutea baino, izan ere, bere esanetan, «galdu ondoren jardunaldirik ez egotea» ez da gustukoa, baina «min hartutakoak errekuperatzeko» balioko duela pentsatzeak kontsolatzen du.

Azken porrotek, halere, ez dizuete horrenbesteko amorrua emango, Bartzelonaren eta Valentziaren aurkakoak izanda.

Argi dago berez partida zailak zirela eta egia da aurten galdu ditugun hiru partidak talde indartsuen aurka izan direla. Baina, alde batetik, porrotak inoiz ez zaitu gustura uzten eta, bestetik, indartsuenen aurka galtzeak hain indartsuak ez diren taldeen aurkako partidak irabaztera derrigortzen zaitu. Datorren larunbatean, adibidez, aurreko partidak galdu ondoren, nolabait derrigortuta gaude irabaztera. Gainera, San Mamesen jokatzen dugu; are garrantzitsuagoa izango da.

Porrot guztiak, hala ere, ez dira berdinak. Kanpotik ikusita behintzat, Valentziakoak askoz gustu txarragoa utzi zuen.

Lehenengo ordu erdia oso txarra izan zen, baina Bartzelonaren aurka antzeko zerbait gertatu zitzaigun; izan ere, partida askotan gertatu zaigu aurten. Ez dugu partida ondo hasten eta gero asko kostatzen zaigu. Gijónen ere ikusi genuen; bertan puntu bat salbatzea lortu genuen, baina talde indartsuenen aurka askoz ere zailagoa da horri buelta ematea. Gure kasuan, partida galtzea suposatu du.

Hori izango litzateke jokatu dituzuen norgehiagokek duten parekotasuna? Ez da erraza beste antzekotasunik topatzea, sei partida izan baitira eta, oro har, seiak nahiko desberdinak.

Oraindik ondorioak ateratzeko partida gutxi direla uste dut, baina egia da arratsalde batzuk nahiko txukunak izan ditugula, beste batzuetan ez gara hain ondo ibili, eta besteetan denetarik izan dugu.

Zergatik aldatzen da hainbeste taldea jardunaldi batetik bestera? Jokalariek eta entrenatzaileak aurretik elkar ezagutzen duzue, estilo propio bat ere finkatu duzue azken urteotan...

Galdera zaila da hori. Batzuetan aurkariarengatik izaten da. Finean, aurreko bi aurkariak gu baino gehiago izan dira eta gu baino hobeto sartu dira partidan. Gero, bigarren zatiak ez dira txarrak izan gure aldetik, baina oso zaila da Lehenengo Mailan dagoen mailarekin, partida bati buelta ematea. Horregatik, partida hasteko modua hobetu behar dugu; Mallorcaren aurkako partidan izan ezik, gainerakoetan ez baikara ondo sartu.

Nola lor daiteke hori?

Nire iritziz, iaz oso ondo hasten genituen partidak. Partida asko tan lehen zatian ez genuen golik jaso. Eta horrek gai garela esan nahi du.

Horrez gain, nire ustez, argi daukagu atzean talde sendoa izan behar dugula. Mallorcaren aurkako neurketan, esaterako, lortu genuen; gero komentatu zen Mallorca oso talde ahula zela, baina emaitza onak lortu ditu hurrengo jardunaldietan. Denboraldiko lehenengo partida ere ez zen, beharbada, sekulakoa izan, baina Herculesek pare bat aukera sortu zituen norgehiagoka osoan. Sendotasun hori funtsezkoa da, hori da jarraitu behar dugun bidea.

Irudia alde batera utzita, sei jardunaldi hauetan zazpi puntu besterik ez dituzue eskuratu. Udako baikortasuna moteldu da ala goizegi da horretarako?

Hasteko, baikortasun horrek zentzurik bazuela uste dut. Azken batean, kontuan hartu behar da aurreko urtean nahiko denboraldi txukuna egin genuela, hortxe geratu ginela, Europatik oso gertu. Eta hori kontuan hartuta, normala da hurrengo denboraldian urrats bat eman nahi izatea, zilegi da horrela pentsatzea. Eta baikor izaten jarraitzeko arrazoiak ditugula uste dut. Baina oraindik sei partida besterik ez ditugu jokatu.

Dena dela, beste hiru neurketa jokatuta denboraldiaren herena joana izango da. Une hori iritsita egoerak zer edo zer esan lezake.

Egutegia ere kontuan hartu behar dela uste dut. Orain arte izan duguna ez da erraza izan eta hemendik aurrera, hurrengo hiru irteerak Sevilla, Vila-real eta Real Madril dira. Teorian, gero iritsiko zaigu egutegi ahulagoa. Horrenbestez, eta gainera beti esaten dudana da, nire ustetan, lehen itzulia amaitu arte itxaron behar da; orduan taldeen kokapena askoz ere errealagoa izaten da.

 
 
«Zenbakiak baino ondo jokatzea inporta zait»

300 partida beteko ditu Andoni Iraolak zuri-gorrien kamiseta jantzita, Zaragozaren aurka jokatuz gero. «Zenbaki polita», usurbildarrak garrantzia kentzen dion arren. «Nik beti esaten dut gauza bera. Helburua ez da partida pila bat jokatzea, errekorrak haustea baizik; jokatzen dituzun partidak ondo jokatzea. Horregatik, nahiz eta zenbaki polita izan, beste bati bezala ekingo diot».

Arraroa litzateke 300.a bete ahal ez izatea. Lehiakide zuzenik ez duen jokalari bakarra zara. Uste osoa izan behar dugu zure profesionaltasunean.

Denok esaten didazue gauza bera. Egia esan, batez ere iaz oso zorte txarra izan genuen, Eneko Bovedak eta Iban Zubiaurrek min hartu baitzuten. Eta aurten ere Jonasek arazoak ditu. Baina nik uste dut Jonas oso indartsu datorrela, gurekin entrenatzen da egunero, dohain apartak ditu eta oso jokalari ona izango dela uste dut.

«Izango dela», etorkizuna. Orainaldian, Iraola besterik ez. Nolabaiteko ardura emango du zer edo zer gertatzen bazaizu zulo bat utzi duzula jakiteak, ezta?

Hori ez dut buruan, azkenean, gainerakoak bezala, lana ondo egiten eta dudan guztia ematen saiatzen naiz. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo