Proiektua | Pou anaiak
«Zahir» bidearekin amaitu dute Alpeetako erronka
Dolomitetan (Italia) aurreko bi xedeak lortu ondoren, Eneko eta Iker Pouk «Zahir» bidea (8b+, 300m) aukeratu zuten udan zehar Alpeetan izan duten bidaia berezirako. 4 eguneko saioan kateatu zuten.
Andoni ARABAOLAZA
Aurreko kroniketan aipatu dugu Eneko eta Iker Pou zailtasun tekniko handiko paretetan aritu direla udan. Alpeetako hiru marra gogor aukeratu zituzten haien erronkarako, eta bat falta zitzaien.
Lehen biak Dolomitetan eskalatu zituzten. Biak ala biak paretako muturreko zailtasunean erreferentziak direnak. Lehena, Maurizio Zanollaren «Solo per vechi guerrieri» bidea (8c, 150 m) izan zen. Handik gutxira, Tre Cime di Lavaredon Alex Huberrek sortutako «Pan Aroma» (8c, 500 m) erori zen. Azkena, berriz, Wendestocken (Suitza) izan da. Eta izarra: «Zahir» (8b+, 300 m).
Ez zuten lehen aldia hain entzutetsua den eskalada alderdi horretan. Jakin bazekiten Wendestocken zer «egosten» zen. Izan ere, besteak beste, 2002. urtean Ikerrek «Silbergeier» bidea egitea lortu zuen. Eta «Zahir» ere ez zitzaien batere arrotza.
Bi anaia gasteiztarrek duela bi urte bisitatu zuten bide hori. Egin beharreko lana egin eta gero, erronka hori beste baterako utzi zuten. Eta, esan bezala, une egokia uda honetan izan da.
«Zahir» bidea Iwan Wolf eta Gunter Habersatter eskalatzaileen sorkuntza da. 2004. urtean zabaldu zuten, eta marraztu zituzten zortzi luzeen zailtasun gorenari 8b+ jarri zioten. Lehen errepikapena iaz iritsi zen. Protagonistak: Jorg Andreas eta Felix Neumarker. Hirugarren luzean (guztietatik gogorrena), Andreasek aldaera zuzena egin zion, eta 8c proposatu zuen. Hots, Beat Kammerlanderren «Wo Gu» bidearekin (8c) batera Wendestockeko gogorrena.
Ikerrek, hirugarren luze horretan, ez zuen alemanen aldaera aukeratu: «Euriarengatik paretak ur asko botatzen zuen, eta bilerara erabat bustita iristen nintzen. Bidea zabaldu zutenek bezala igo nuen; hots, jatorrizko luzetik».
Oso teknikoa
Pou anaiek azaldu dutenez, eguraldiarekin ez zuten zorterik izan: «Euri asko izan genuen, eta muturreko tenperaturak: 33ºtik elurra egitera pasa zen. Eta, aitortu behar dugu, etsipen puntu bat ere izan genuela. Hogei egun pasa genituen han, eta zortzi egun jarraian ez genuen eskalatzeko aukerarik izan».
Aipatu bezala, «Zahir» bideak zortzi luze ditu: 6c, 8a+, 8b+, 7c, 7a+, 7b, 7b+ eta 6c. Weendestockeko bide guztiak bezala, hau ere oso teknikoa da: «Kare-harri perfektua da. Bertikala, eta hainbat zatitan erori pixka bat badu. Zailtasunean ere oso jarraia, eta nahiko estua. Gainera, seguruen arteko distantziak handiak dira (10 metrokoak tarte batzuetan)».
Poutarrek lehen eskutik zekiten «Zahir» bideak bere baitan zer gordetzen zuen. Informazio horrekin, Dolomitetako aurreko bi erronketan bezala, hau ere oso azkar poltsikoratu zuten. Ohi den legez, Iker izan zen luze gogorrenak eskalatu eta kateatu zituena. Eta, gasteiztarrek baieztatu dutenez, kosta egin zitzaien: «Aitortu behar dugu «Zahir» bidea oso gogorra dela; ustekabe ederra hartu dugu marra horrekin».
Bide hori izan da Eneko eta Iker Pou anaiek uda honetarako Alpeetan aukeratu zuten paretako hiru bideetatik poltsikoratu duten azkena.