Bi hizkuntzatako «Osaba Vania/Oncle Vania» taularatuko dute azaroan, Baionan
Chimères antzerki taldeak Anton Txekhoven obran oinarrituriko «Oncle Vania/Osaba Vania» sorkuntza taularatuko du azaroan. Frantsesez eta euskaraz, osoki bi hizkuntzatan antzeztutako obra da.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
Moskun lanean ari den Serebriakov irakasle bat baserri zonaldeko emakume batekin ezkondua da. Emakumeak lurra ditu. Senar-emazteek alaba bat dute, Sonia. Emaztea hil, eta Serebriakov irakaslea hogeita zazpi urteko emakume batekin ezkonduko da eta emazte ohiaren etxebizitzara joanen da erretiroko urteak pasatzera. Horrela laburbildu zuen Jean Marie Broucaret zuzendariak «Osaba Vania/Oncle Vania» sorkuntza berria.
«Txekhov jende arruntaz mintzo da bere obretan. Ez da heroirik. Gutariko askok bezala bizitzan zein bide hartu ez dakitenei buruz ari da. Eta, berrogeita hamar urte betetakoan buruan galdera hau dutela `esnatzen' dira: zer egin dut nire biziarekin?», zehaztu zuen.
«Osaba Vania» 1897an idatzi zuen Anton Txekhovek. «Garai horretan bizi esperantza egungoa baino laburragoa zen. Pertsonaiek obran ametsak dituzte, baina askotan horien ondotik ibiltzen dira. Patetikoak dira eta, halaber, beraien baitarik sortzen dituzten oztopoetan erridikuluak dira», argitu zuen Broucaretek.
Umorea eta drama uztartuz, hiriaren eta baserriaren arteko gatazka da obraren ardatz nagusia. Bi kultura eta bi bizimolderen arteko talka da, eta, egoera hori adierazteko «Osaba Vania/Oncle Vania» lanean bi hizkuntza baliatu ditu zuzendariak: euskara eta frantsesa. Bi hizkuntzak itzuliak izanena dira antzerkian. Broucaretek, izan ere, obra Ipar Euskal Herriko errealitatera egokitu du.
«Euskal Herria munduan kokatzea da antzerki lan honen xedea. Ipar Euskal Herrian, egunerokotasunean bizi da bi kultura horien arteko konfrontazioa, eta, interesgarria iruditu zaigu errealitate hori antzerkian ematea», gaineratu zuen Broucaretek.
Komediaren eta tragediaren artean kokatzen den antzerki horrek, zuzendariarentzat, bigarren gai nagusi bat jorratzen du: «borrokarako grina». «Txekhoven pertsonaiak borrokalariak dira. Oztopo guztien gainetik, borrokari ekiten diote. Gaur egun, guztia onartzen ez dugula esatea gaurkotasuneko gaia da», nabarmendu zuen.
Emanaldi ugari
«Ocle Vania/ Osaba Vania» sorkuntzaren Euskal Herriko lehenengo emanaldia Baionako antzokian izanen da, azaroaren 9an. Horren ondotik, azaroaren 11n Hendaiako Les Variétés aretoan ikusten ahalko da; abenduaren 4an, Luhusoko Harri Xuri gelan; eta azkenik, martxoaren 24an, Bi Harriz Lau Xori kultur astearen baitan, Biarritzen. Bi urtez ibiliko da Chimères antzerki taldea obrarekin, eta 2011ko negu aldera, Donapaleun eta Kanbon emateko asmoa dutela esan zuten.
Théâtre des Chimères-ek bi urtetik behin antolatzen du Translatines, hamar eguneko antzerki jaialdia. Ondokoa, 2011ko urrian izanen da. Baina, bitartean, antzerkizaleak asetzeko «Transit 2010» izenburupean egun bateko emanaldia antolatzea erabaki du Chimères antzerki taldeak. Urriaren 15an, beraz, Txileko Teatrocinema taldeak «Sin sangre» sorkuntza taularatuko du Baionako antzokian. «2011ko jaialdian Mexiko eta Txile izanen dira gonbidatu nagusiak. Edizio horren aurreko saio bat egin nahi izan dugu `Transit 2010' ekimen horretan», adierazi zuen Jean Marie Broucaretek.
A.B.