Eskalada | Omenaldia
Azken agur beroa Kurt Albert historikoari
Joan den irailaren 28an zendu zen eskalatzaile alemaniarrari omenaldia egin zioten larunbatean Frankenjuran. Ekitaldian bildutako kideek Albert goraipatu nahi izan zuten, besteak beste, eskaladaren garapenari eta historiari asko eman zielako.
Andoni ARABAOLAZA
«Kurt Alberti Agur» izenburupean, joan den larunbatean omenaldi hunkigarri eta beroa egin zioten eskalatzaile aleman historikoari. Eta, jakina, ekitaldia Frankenjurako eskolan egin zen. Antolaketa lanetan jardun zuten lagun minek (Horst Albertek, Mathias Bauerlek, Mariusz Hoffmanek, Stefan Glowaczek, Stefan Kochek...) Streibbergenen dagoen «Glatte Wand» izeneko pareta aukeratu zuten azken agurrerako leku. Alberten alderdi kutuna zen.
Arratsaldeko hiruretan hasi ziren omenaldiko ekitaldiak, eta aurreko ekitaldia bukatu ondoren, Muggendorf herrian altxatu zuten karpan zendu berri den eskalatzaileari buruzko ikus-entzunezkoa eman zuten.
Era horretan amaitu zen iragan irailaren 28an ferrata batean izaniko istripuan hil zen eskalatzailea handiaren aldeko omenaldia eta azken agurra.
Beti eskalada librea
Larunbateko ekitaldietan, antolatzaileek zein eskalatzailearen lagunek gogorarazi zein nabarmendu nahi izan zuten Albertek asko eskaini ziela eskaladaren historiari zein garapenari.
Eskalada librea izan zen alemanaren aldarrikapena, eta giltza hori baliatuta, eskalada eskoletan zein hormatzarretan aportazioaren bidean ibili zen beti.
Ez zuen hori gertatzea espero, baina bere rotpunkt edo «puntu gorria» izeneko proposamenak irauli egin zuen eskalada. Kateatu zuen lehendabiziko bideari, 6a zailtazuneko bati, puntu gorria jarri zion; 1975. urtean zen. «Jakina, ez nuen espero `puntu gorriak' ondorio ikaragarriak izango zituenik. Baina jakin banekien, batez ere Alemanian, aldaketa handi bat ekarriko zuela. Uste dut eskalada ulertzeko era aldatu zela erabat. Ez da dogma bat; soilik proposamen bat, eskalatzeko era berria edo filosofia», adierazi zuen Albertek.
Baina ez zen horretara mugatu eskalatzailearen jarduna. Yosemitera eginiko lehen bidaian, 1977. urtean, hasi zen eskalada libre hori pareta handietara eramaten.
Urteen poderioz, Albertek eta bere kideek (besteak beste, Wolfgang Gulichek eta Bernd Arnoldek) indarrean jarritako filosofia horrek emaitza ikaragarriak izan zituen Dolomitetan, Izenik Gabeko Dorrean, Paineko Erdiko Dorrean, Fitz Royn...