GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Neguko ur hotzetara egokitzen, neoprenozko jantzia eta argizaria

Sasoi aldaketarekin, gure jarduera egokitu beharra dugu. Hona hemen argizariari eta neoprenoari buruzko zenbait datu interesgarri.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA

Uztaileko ur goxoak gero eta urrunago ditugu. Itsasoko ura hozten hasia da jada eta horrela jarraituko du otsailera arte. Tenperatura aldaketekin badira kontuan hartu behar ditugun zenbait gauza.

Urte sasoiaren arabera, mota askotako neoprenozko jantziak aurki ditzakegu; tamaina, kolore, lodiera eta diseinu anitzetakoak. Udan ez daukagu neopreno beharrik edo erabiltzekotan, beso motzekoa erabil dezakegu. Urteko gainontzeko sasoietan, ordea, neopreno luzea behar dugu.

Garrantzitsuena lodiera da; udazken eta udaberrian 3/2 lodierako neoprenoak dira ohikoenak gurean. Neguan, berriz, azaroa eta martxoa bitartean, 4/3 lodierako neoprenoa izaten da ohikoena. Neoprenoaren lodiera eskumuturrean adierazita etortzen da gehienetan, neoprenoaren beste edozein aldetan aurki badaiteke ere. Zenbaki altuak, gorputzaren enbor aldean neoprenoak zein lodiera duen adierazten du milimetrotan, eta zenbaki baxuak, berriz, besoetako nahiz hanketako lodiera adierazten du.

Neoprenoa erosteko egokiena dendan bertan probatzea izaten da. Emakumeen eta gizonezkoen jantziek forma desberdina dute eta emakumeentzako jantzia erraz bereizten da. Kontuz ibili behar da, batzuetan emakumeei umeentzako neoprenoak saldu nahi izaten dizkiete.

Neopreno batek iraun dezan gutxieneko zaintza eskatzen du. Saio bakoitzaren ostean ur gezaz garbitu behar da neoprenoa gatza kentzeko. Modu honetan neoprenoak bere malgutasuna gordeko du. Izan ere, eguzkiak eta itsasoko urak neoprenoa gogortu egiten dute eta horrek arraildurak sortzen ditu. Neoprenoa ur gezatan pasa ostean, gerizpean lehortzen uztea komeni da. Kimika organikoak emango digu arrazoia. Neoprenoak, polimero kateek osatzen duten egitura helikoidala du eta eguzki irradiazioekiko erradikal askeek egitura hori birmoldatuz erantzuten dute eguzki izpien aurrean. Egitura aldaketa horrek ehunduraren aldaketa dakar, horregatik galtzen du malgutasuna neoprenoak eta hasiera bateko ehundura atsegina denborarekin latza bihurtzen da.

«Traji zikindu bidot» diote Elantxobeko The Uski's taldekoek. Abestiak olatu handi baten aurrean sartutako kakalarriari egiten dio erreferentzia. Neoprenoan kaka egitea ez da oso ohikoa, baina txiza egin gabe ezin egon gaitezke luzaz uretan. Hori ere kaltegarria omen da. Txizak duen osagaietako bat urea da eta honek neoprenoaren ehunduran modu kaltegarrian eragiten omen du, malgutasuna galduaraziz.

Uraren tenperaturaren arabera argizari bat edo beste bat eman behar zaio taulari. Udan ura beroago dagoenean, argizari gogorragoa ematen da, eta neguan, ura hotz dagoenean, berriz, argizari bigunagoa. Urtaro bakoitzean argizariz aldatzea komeni da.

Lau argizari mota bereiz daitezke gogortasunari dagokionez. Lehena basea da, taula erosi berritan ematen dena. Hau gogorra izaten da eta soilik taula garbi-garbi dagoen egunean ematen da, jarraian ematen zaion beste ohiko argizaria hobeto itsasteko ematen da. Ongi begiratu behar da bildukinak zer dioen erosi baino lehen. Azalean "base coat" jartzen du eta ez du usain berezirik izaten.

Gainerako argizariak, basearen gainetik ematen dira eta komenigarria da uretara sartu aurretik pixka bat ematea. Argizari hauek usain askotakoak izaten dira, limoia, marrubia, kokoa... Hiru taldetan sailka daitezke, ur hotzetakoak, ur epeletakoak eta ur berotakoak. Kantauri itsasoan ur epeletakoa eta ur hotzetakoa erabiltzen ditugu, hemengo ur beroa epeltzat jotzen baita.

Ur beroak Indiako Ozeanoan, tropikoan eta antzeko lekuetan aurkitzen dira. Argizariaren azalean «tropic» edo «warm» hitza ageri bada, beraz, badakigu argizari horrek ez digula balio, oso gogorra baita eta erraz labainduko baikara. Ur epeletako argizariak «cool» izaten du idatzita azalean eta ur hotzetakoak «cold». Beraz, ongi begiratu behar da bildukinak zer dioen, gero labaindu ez gaitezen.

Udazkenean argizari zaharra bigunago bategatik aldatu behar dugu. Gero, neguan, eskarpinekin (ur hotzetako neoprenozko botak) argizaria guztiz belztuta geratzen da eta udaberrian berriz ere aldaketa egin behar izaten da. Eskarpinekin ibili behar badugu, ez daukagu uretara sartu behar dugun aldi oro argizaria ematen ibili beharrik, zolako marrazkiek, auto baten pneumatikoen moduan, hobeto atxikitzen lagunduko baitigute.

Taulan ez labaintzeko beste modua grip bat jartzea da. Honek, udarako eta negurako balio du, baina garestiagoa da. Gomazko xafla moduko bat itsasten da taularen gainaldean eta oso ongi atxikitzen du. Gehienetan taularen atzealdean bakarrik jartzen da. Batez ere, indar gehien taularen ipurdia sakatuaz egiten denez, atzeko oina labaintzea errazagoa delako. Aurrealdean jarriz gero, neoprenorik gabe gabiltzan egunetan sabelaldea urra diezaguke arraun egitean. Gainera, xafla horiek taularen marrazkia estaltzen dute eta estetikoki itsusi geratzen dira. Orain gutxi xafla gardenak atera berri dituzte, taularen marrazkia ikusten uzten dutenak, baina ia taulak berak baino gehiago balio dute.

Argizaria kentzeko modurik errazena berau berotzea da. Ilea lehortzeko gailu batekin edo eguzkitan jarrita, argizaria erraz biguntzen da eta behin bigun dagoenean orraze baten alde zapalarekin oso erraz kentzen da. Horregatik, udan ez da taula eguzkitan utzi behar, argizaria urtu egiten baita eta, gainera, taularen barruko kortxoa (foam) horitu egiten da. Onena itzaletan uztea da.

Taulari ematen zaion argizaria petroliotik eratortzen da, hidrokarburo aseak erabiliz suspertzen da. Beraz, kutsagarria da, garbiketa egitean, argizari zaharraren hondakina ez da edozein lekutan utzi behar, gainera beroarekin biguntzean itsatsita geratzen da.

Erabilitako argizaria birziklatuz gero, oso zaila da emaitza on bat lortzea, baina argizariaren azken zatitxoa, zakarrontzira botatzeko ohitura izaten da eta zati horiek bilduta itxurazko argizari bat egin daiteke. Erraza da: zatiak bildu, kazola batean irakiten jarri eta gure gustuko forma duen plastikozko ontzi batean isuri. Hozkailuan sartu eta gogortzen utzi. Behin gogortu denean, moldetik bereizi eta kito. Usain desberdinekoak nahastuta kolore arraroa izango du, baina usain berekoak nahastuta txukun atera daiteke.

Neoprenoa

Neoprenoaren lodiera eskumuturrean adierazita etorri ohi da. Zenbaki altuak, gorputzaren enbor aldean neoprenoak duen lodiera adierazten du milimetrotan, eta zenbaki baxuak, berriz, beso nahiz hanketakoa.

neoprenoa zaindu

Neoprenoa ur gezatan garbitu ostean, gerizpean lehortzen utzi behar da. Izan ere, eguzkiak ehundura kaltetzen baitu: malgutasuna galtzen du eta arraildurak sortzen zaizkio.

argizaria

Uraren tenperaturaren arabera argizari bat edo beste eman behar zaio taulari. Udan, ura beroago dagoen garaian, argizari gogorra ematen da eta neguan, berriz, ura hotz dagoenean, argizari biguna.

EZ BOTA

Argizari zatiak bildu, kazola batean irakiten jarri eta gure gustuko forma duen plastikozko ontzi batean isuri. Hozkailuan sartu eta gogortzen utzi. Behin gogortu denean, moldetik bereizi eta kito, hortxe dugu argizaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo