ITSASOA
Ekologia aitzakia, ekoizleen ustezko xede ona
Surflari ernegatuA
Itsasoaz gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen duen kirola da surfa. Naturaren erraietan murgiltzeak naturaren beraren zaintza suposatu beharko luke printzipioz, baina paradoxikoki, itsasoa eta surflaria lotzen dituen bitartekaria, surf taula, oso kutsagarria da. Kutsagarria da surflariak soinean daraman oro ekoizteko erabili den materia. Kutsagarria da, kasurik gehienetan, materiala ekoizteko modua bera ere. Eta taulari dagokionez, kutsagarria da bere erabilera soila ere, sortzen den egunetik, inoiz guztiz lehortzera iristen ez den materialez osatua dagoelako.
Taulak egiteko erretxina (poliesterra edo epoxia), taularen barruko foam kortxoaren poliuretanoa, azetona, pinturak, laka akrilikoak eta abar, denak dira petroliotik eratorritako produktuak. Salbuespen bakarrak, taularen egurrezko zutoina eta beirazko fibra direla esan daiteke. Txikotaren kablea poliuretanozkoa da, bere belkroa polietilenoz egina da, neoprenoa, likra... material gehienek petroliotik eratorritako osagaiak dituzte.
Natura maitatu eta berau suntsitzearen kontraesanari aurre egin nahian, aspaldi hasi ziren ordezko material ekologikoekin saiakuntzak egiten, baina azken 20 urte hauetan ez da emaitza asegarririk lortu. Batez ere, zerbait lortu den kasuetan produktua oso garesti irteten delako eta merkatuan arrakastarik izaten ez duelako.
Asko dira material ekologikoaz baliatuz beren produktuek hain kutsagarriak izan ez daitezen saiakera egiten ari direnak. Baina helburu bakarra eta berbera dute denek. Gehiago saltzea. Horra kontraesanik handiena, gutxiago kutsatzen duten produktuak erabili, baina ahalik eta gehien produzitu.
Askotan, erosi nahi dugun produktuarekin batera, ezertarako balio ez digun edo behar ez dugun zerbait atxikitzen digute. Ekologiarena aitzakia baliagarria da. Matix Clothin markak, esaterako, «pollution solution» kanpaina jarri zuen martxan. Saltzen duten bainujantzi bakoitzak plastikozko poltsatxo bat dakar, bezero bakoitzak hondartzako zaborrak bilduz bete dezan.
Gaia konplexua da, baina ezin utz daiteke afera ekoizleen eta berauen ustezko xede onen esku. Kontsumitzaileoi gutxiago kutsatzen duten produktuak erosteko aukera eskaintzen digute ekoizleek, baina eman beharreko pausorik garrantzitsuena gure esku dago. Gutxiago erosi, gutxiago kontsumitu, gure materiala zaindu eta birziklatu.