GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euritan blai, aldaketa klimatikoari aurre egiten

Baiona Ttipiko karrika nagusiek ez ohiko itxura erakutsi zuten atzo. Igandea egun lasaia izaten da Lapurdiko hiri-buruan, baina atzo Bizi mugimenduko kideek ez zuten patxadarako betarik utzi. Egun osoan erakusketa, lekuko ekoizleen salguneak, haurrentzako jokoak, ostatu irekiak, musika saioak, kantua eta bazkari herrikoia izan ziren «Alternatiba herrian».

Ainize BUTRON

«Gure arbasoek esklabotza desagerrarazi zuten garaian bezala, gaur, beharbada, kutsu historikoa duen zerbaiten abiapuntua bizitzen ari gara», bota zuen atzo Susanne Georges-ek, Baiona Ttipian egun batez finkatu zen herrixka alternatiboaren amabitxi eta mugimendu altermundialistako kide nagusienetarikoak.

Euri zaparradak ziren nagusi goizean goizetik Lapurdiko hiriburuan, «klimaren aldeko nazioarte mailako ekintza eguna»-ri ongietorria emateko. Alabaina, Bizi mugimenduko laguntzaileek ez zuten etsi, eta goizean hasita ehun bat laguntzaile aritu ziren egun osoan lanean bertaratu ziren ehunka lagunei «aldaketa klimatikoak aterabideak» badituela erakusten.

Baiona Ttipiko karrika hertsietako arkupeetan babesturik, hurbiltzen ziren familia eta herritar orori informazioa ematen aritu ziren. Lapurdiko hiriburuko auzoak, izan ere, ezohiko itxura azaldu zuen «10/10/10=-%10, Mundu berria gaurdanik martxan!» lelopean Bizik antolatu zuen ekimen horri esker. «Baiona igande batean behingoz bizirik egongo, eta euri-jasa bota behar!», kexatu zen parte hartzaileetako bat.

Igandeetan bizitasun izpirik ez duen hiria biziaraztea lortu zuten erakusmahai, erakusketa, hitzaldi, ostatu, merkatu, musika doinu eta kantu saioekin.

Marmitako usaina

Tonneliers, Pannecau, Trinkete, eta Cordeliers karrikak guztiz okupatu zituzten Bizi mugimenduko kideek.

Goizeko hamarretan ireki zituzten ofizialki herri alternatiboaren ateak. Berrogei bat lagunez inguraturik hitzartzeen artean Txalaparta doinuak, bertsolarien hitzak eta aurreskuak izan zituzten.

Zeru ilunak ekimena goibeltzea lortuko zuela ematen bazuen ere, karrikaz karrika besta giro herrikoia nagusitu zen berehala.

«Mundu bat berde-berdea, ametsetakoa bezalakoa», bota zuten bertsolariek egunari ekitean. Amets hori, mundu berde eta iraunkor hori, gauzatzeko baliabideak argiki ezagutarazi zituzten Baiona Ttipiko karriketan.

Trinkete karrikan finkaturik energia kontsumoa nola murriztu erakusten zuen etxebizitza, garraio alternatiboak, etxebizitza ekologikoa eta isolamen- durako materialen erakustokiak izan zituzten ikusgai bertaratu ziren herritarrek. Hots, energia kontsumoaren apaltzea eta berotegi-efektuko gasen murrizketa bultzatzea zuten gune horiek xede nagusia.

Aitzitik, gai serioek besta giroarekin bat egin dezaketela erakutsi nahian, bertaratu zirenei sabela betetzeko, zintzurra bustitzeko eta erosketaren bat egiteko aukera ere eman zieten atzo Baionan.

Horiek horrela, goizetik, arkupean berrehun bat lagunentzako bazkari herrikoirako prestatzen ari ziren marmitakoaren usain goxoa karriketako xoko guztietara iristen zen. Eta belarrien gozagarririk ere izan zen, izan ere, Kubako Etxean jo eta ke lanean ari ziren sukaldariei apur bat laguntze aldera, abesbatzak, txistulariek eta txarangek agerralditxoa egin zuten. Marmitakoaren ke goxoak ehunka lagun erakarri zituen arkupeetako xoko ilun eta freskoetara.

Eta zeruak arratsera arte goibel agertzea erabaki bazuen ere, bizimodu alternatiboa aldarrikatzeko egunean berotasunak ere izan zuen lekurik.

Nolanahi ere, Bizi mugimenduaren kolorearekin bat eginez, berdea nagusitua zen karrika gehienetan.

Elkarteak

Atzo nazioarte mailan ospatu zen egun berezi horrekin bat egin zuten lekuko elkarte eta erakunde ugarik ere. Biharko Lurralde Elkarteko ekoizleen salguneekin batera, Surfrider Fundation-ek, Han eta Hemen bidezko merkatua sustatzen duen elkarteak, CADE inguramenaren defentsarako kolektiboak, ADECH Baionako zabortegiaren aurkako elkarteak eta beste hainbatek mahaiak jarriak zituzten bertan.

Horien guztien artean, baina, ekoizleen mahaiek izan zuten arrakasta handiena eta jendetza bildu zuten, bereziki Hirunberritik hurbilduriko arno ekologiko ekoizleen mahaiak.

Euria ari bazuen ere, zenbait familiak Baiona Ttipiko karriketara hurbiltzeko hautua egin zuten, eta haurrentzako prestaturiko jokoen guneak gainezka ikusi ziren. Halarik ere, aldarrikapen eguna arratsaldeko seietan amaitzea aurreikusi bazuten ere, lauretan bukatu zituzten ekimenak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo