Itsasontzietan landare-olioa erregai gisa erabiltzeak emaitza onak izan ditu
Orain bi urte abiatutako Itsasoa proiektuaren bilana egin berri dute Ziburuko portuan. Dagoeneko bi ontzik erabiltzen dute ekilore-olioa erregai bezala. Esperimentu berritzailea garatzen segituko dute.
Arantxa MANTEROLA | ZIBURU
Pozik eta asebeterik agertu dira Itsasoa proiektuko sustatzaileak, berrikitan, Ziburuko portuan, ekilore-olioa itsasontzietarako erregai gisa erabiltzeko egindako saiakerek «emaitza onak» izan dituztelako.
Duela bi urte abiatu zuten Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak eta Europar Batasunak diruz lagundutako esperimentua. Bi sistematan (gasolioa eta landare-olioa) funtzionatu ahal izateko motorrari beharrezko egokitzapenak eginda, bi itsasontzietan -«Lapurdi» eta «Nahikari»- egin zituzten aurreneko entseguak joan den urtarrilean eta martxoan.
Abuztuaren erdialdean landare-olio banagailua instalatu zuten Donibane Lohizune-Ziburuko portuan, «horrelako lehena Estatu osoan», Frederic Perrin proiektuaren koordinatzaileak adierazi zuenez. Geroztik, aipatu itsasontziek erregai hori erabiltzen dute.
Alde teknikoak ez ezik, proiektuak badu beste ezaugarri aipagarririk. Izan ere, hainbat alorretako gertuko eragileen artean eraikia izan baita. Horien artean, ekilorea ekoizten duten laborarien parte hartzea ezinbestekoa izan da, zehazki, 2007an artoaren nagusitasunari aurre egiteko alternatiba bila zebiltzan hogei bat nekazarirena. Nouste Kilili izeneko kooperatiba sortu eta olioa ekoizten hasi ziren, euren traktoreentzat lehenik eta egun itsasontzientzat ere bai. Soberakinak, berriz, abereentzako bazka moduan saltzen dituzte.
Osagarritasuna
Erakunde, arrantzale, laborari, teknikari zein babesleen osagarritasuna, «guztien arteko elkarlana», goraipatu zuen Mikel Epalza Itsas Gazteriako ordezkariak.
Ekimena ez dela ekonomikoa soilik gaineratu zuen: «Erronka honetan parte hartu duten guztiek itsasoaren, lurraren eta eguratsaren arteko lotura egin dugu eta, onura ekonomikoez gain, ingurumenarentzat eta giza-harremanentzat ere onuragarria izan delakoan nago, esparru ezberdinetako profesionalen elkar ezagutza sustatu baitu proiektuak».
Epalzaren esanetan, «sarri itsasoaren suntsitzailetzat» hartuak diren arrantzaleak «ezinbestean baliabideak eta natura errespetatuz» jardun behar dutela jabetzeko balio izan du Itsasoa ekimenak.
Proiektuaren hurrengo urratsa bi itsasontzietan ezarri dituzten neurgailuen bidez xehetasun gehiago (kontsumoa, karburazioa...) biltzea izango da.