GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

JOSEBA TOBAR ARBULU | INGENIARIA

Txina: nazioarteko finantza-sistema multipolarrerantz

Zer egin dezake Txinak bere esku dituen atzerritar erreserbekin? Bere moneta, renbimbi-a, birbaliatu behar ote du? Zein izango ote da haren jarrera dolarraren aurrean? Printzipioz, Txinak lau aukera dauzka: a) bere moneta birbaliotzea; b) Txinaren ekonomia kredituz betetzea; c) atzerritar baliabideak eta aktiboak erostea; eta d) Txinan egindako inbertsioak atzera erosteko soberako dolarrak erabiltzea, AEBek ez baitiote Txinari etorkizun ona daukaten beren sektore ekonomikoetan inbertitzeko aukerarik uzten.

Michael Hudson-en aholkua argi dago (http://michael-hudson.com/2010/07/dollar-hegemony-and-the-rise-of-china): Txinak bere erreserbak erabili behar ditu bere bankuen eta beste atzerritar inbertsioen kontrola berrerosteko. Horixe da AEBek eta beste herrialde batzuek darabilten politikaren kontra egin dezaketena, hau da, giltza diren beraien sektore ekonomikoetan inbertitzen ez uztea. Nazioarteko legearen arabera egin daiteke, eta horixe da, hain zuzen ere, AEBek urte askoan egin dutena.

Hudson-ek dioenaren arabera, Txinak atzerritar truke-erreserba gehiago metatzea alboratu behar du. Irtenbiderik egingarriena bere erreserba ofizialak erabiltzea da, Txinako finantza-sisteman eta beste giltza-sektoreetan AEBek egindako inbertsioak (baita beste atzerriko inbertsioak ere) bueltan erosteko.

Gainera, gaurko nazioarteko finantza-sistema oso ezegonkorra da, AEBetako atzerriko gastu militarra, ia bere osotasunean, inguraturik dauden atzerritar herrialdeek finantzatu dutelako. Zergatik gertatu da hori? Herrialde horiek irabazitako dolarrak birziklatzeko duten moduagatik, AEBetako erosleei (baita AEBetako dolar-kreditu oso merkeak mailegatzen dituzten beste erosleei ere) beren ondasunak, baliabideak eta konpainiak salduz.

Txinaren (eta beste herrialde batzuen) helburu nagusia berdinkidea den mundu multipolarra sortzea izan behar da, ez herrialde soil baten gastu militarrean oinarritutako sistema bat onartzea, zeina nazioarteko erreserba nagusia den. (Gaur egungo egoerak AEBetako Gobernuari bazka librea ematen dio, beste gobernuek eta beraien banku zentralek hornitua. Ikus Hudsonen «Super imperialism» liburua).

Nazioarteko finantza-sistema multipolarra sortu ezean, Txinarentzat ez dauka inolako zentzurik bere banku-pribilegioak, industria edo esportazioak saltzeak ordaindu ezin diren IOU («zor dizut») batzuen bidez. Arazoa ez da soilik dolarrarena. Euroa are egoera txarrean dago, ordaindu ezinezko zor publikoaren, higiezin errealaren, zor pertsonalen eta korporazio-zorren zamaren menpe kolapsatuta. Egun ez dago nazioarteko aurrezkiak gordetzeko moduko atzerritar moneta egonkorrik.

Prezio handiagoak dituzten higiezin errealak, akzioak eta bonoak erosteko interes-tasa baxuetan mailegatzeak epe laburreko kapital irabaziak produzitu ditu, baina ekonomiak hain zorpeturik utzi ditu, orain beraien hipoteka-zorra, korporazio-zorra, zor pertsonalak eta gobernuen atzerritar moneten zorrak ezin baitira ordaindu. Emaitza AEBetako, Europako eta post-sobietar ekonomiak ordaintzeko duten ahalmenaz haratagoko zorrekin zamatzea izan da.

Alde batetik, gobernuek bankuei egindako ordainketek, «diru laguntzek», ekonomiak polarizatzea ekarriko dute. Bankuek mailegatze berria moztu dute (moneta espekulaziorako eta antzeko finantza jolasetarako izan ezik). Beste alde batetik, gobernuek osasun arloan, heziketan, pentsioetan eta azpiegituretan gastu publikoa murriztu dute, lan-indarrean eta industrian zergak altxatzen ari diren bitartean. Halaber, korporazioak enplegua eta inbertsio berria mozten ari dira.

Nahaste-borraste honen ondorio zuzen bat dolarraren, euroaren eta libera esterlinaren arteko trukeen gorabeherak izan dira. Ezegonkortasun hori dela-eta, bankuak mailegu txarretan galdutako fondoak atzera irabazten ari dira. Baina sortu den ingurunean ez dago moneta ziurrik edo balioaren iturri egonkorrik Txinak -edo beste gobernu batek- atzerritar erreserbak eusteko.

Emandako soluzioa are okerragoa da AEBetako estatuetarako eta Europako ekonomietarako: zergak altxatzea, gastu publikoa murriztea, azpiegitura pribatizatzea... Zerga handiagoek barne-merkatua txikitzen dute, eta langabezian dauden langileak beren hipotekak, kreditu-txartelak eta banku-maileguak ez ordaintzera behartzen dituzte. Halaber, gastu publikoen mozketak merkatua murrizten du eta ekonomiak behar dituen zerbitzuak kentzen ditu, osasungintza eta hezkuntza estandarrak eroriz.

Hudson-en iritziz, Txinak mendebaldeko arazo horiek alboratu behar ditu, mendebaldeko ekonomietan ez bezala bere zorra txikia eta aurrezkiak handiak direlako. Oso garrantzitsua da mendebaldeko mezuei kasu ez egitea. Gainera, ez du ezer irabaziko atzerritar erreserba gehiago metatuz, horrek arazoetan dauden mendebaldeko gobernuei eta ekonomiei diru gehiago mailegatzea esan nahi baitu. (Finantza-kapitalismoa da nagusi gaur egun munduan. Txina, aldiz, salbuespen bat da: www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/txina-komunismoa-sozialismoa-kapitalismoa-ala-zer).

Amerikak bere interesak lehenetsi ditu bere ekonomiaren garapen historikoan, babes-politikak onartuz, Britainia Handiko merkatu libreko ortodoxiaren kontra (Hudson, «America's Protectionist Takeoff: 1815-1914»). Orain, politika protekzionistei esker bereganaturiko mundu hegemonia lortu eta gero, merkatu libreko ortodoxiari lotu zaio. (Gaur egun, neoliberalismo deuseztatzailearen aurka, antzeko babes-politikak erabiltzen hasi beharko dira bloke desberdinetan).

Laburbilduz: (a) Txinak ezin dezake renminbia-a moneta globala bihurtu, horretarako, truke eta ordainketa defizitak eraman beharko baitzituen, bere moneta atzerritar eskuetan barreiatu ahal izateko. Alde batetik, Txinaren atzerritar trukea positiboa da. Bera nazioarteko monetaren hartzailea da, ez hornitzailea. (b) Garrantzitsuena dena: aro bat bukatu da, nazioarteko erreserbak ordainezinezko zor handitan oinarritzen diren aroa, batez ere zor horiek helburu militarrei lotuta daudenean.

Izan ere, dolarrak ezin du orain arteko bere rola betetzen jarraitu. Orain AEBetako Altxor Publikoak 4 x 1012 dolar zor dizkie atzerritar banku zentralei. Hala ere, AEBetako ordainketa balantza defizit kronikoan dago: 1951tik AEBen kanpoko gastu militarra (batez ere Asian) ordainketa defizit horren parterik handiena izan da. Gainera, AEBetako merkataritza balantza defizitean erori da (nekazaritzan eta armagintzan izan ezik) eta, berriki, AEBetatiko kapital isuriak (batez ere Txinara eta Hirugarren Munduko herrialdeetara) azeleratu egin da.

Egoera hori ikusita, AEBetako finantza-plangintzagileek mendebaldeko ekonomiak maileguz beteta daudela eta zor-zamako eta hazkunde moteleko epealdi batera sartu direla erabaki dute. Haien helburua atzerritar superabitak bereganatzea da, superabit horiek hazten ari diren herrialdeetan, Txinan batez ere, ez gelditzeko. Hortaz, AEBen eta Txinaren arteko balizko aliantza batek Txinak bere superabitak AEBetako inbertsiogile pribatuei transferitzea suposatuko luke, eta bere dolar-barne-isuriak birziklatzea, AEBetako Gobernuko agentziei eta Txinako bankuak eta industria erosten ari diren inbertsiogileei mailegu gehiago emateko. Harreman hori oso alde batekoa izango litzateke luzaroan iraun ahal izateko. Galdera zera da: nola ebatsi daiteke hobekien? Badirudi mundua atzera joaten ari dela, 1960etan eta 1970ko lehen urteetan AEBen eta Sobietar Batasunaren artean egon zen trukera, hots, blokeen arteko trukera.

AEBek, Txinak, Errusiak, Europak (nahiz eta berori oso egoera «berezian» egon: http://wallstreetpit.com/37237-may-the-biggest-loser-win-eurolands-race-to-the-bottom), Hego Amerikako zenbait gunek (Venezuela, Brasil...) bloketan antolatu behar dituzte beren eginkizun ekonomiko eta monetarioak. Bloke bakoitzean bere moneta izanik, blokeen arteko trukeak ahalbidetuz, eta nazioarteko finantza-sistema berri eta multipolar bat martxan jarriz. Finantza-sistema berri eta multipolar hori izan daiteke bloke desberdin horien artean egongo diren truke ekonomikoen giltza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo