GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eguraldia lagun izan ez arren, jende ugari batu zen txistor usainera Arbizun

II. Txistor Eguna ospatu zen atzo Arbizun eta, iaz bezala, jende ugari gerturatu zen jaira. Jaki honekin egindako pintxoak jan eta tragoxka batzuk hartzeko aukera aparta izan zen, bai eta txerribodaren lanak ezagutu eta txistorgintzaren prozesua pausoz pauso ezagutzekoa ere.

p015_f01_111x111.jpg

GARA |

Eguna ateri esnatu zen behintzat, eta horri esker jende mordoxka gerturatu zen goizean goiz Arbizura, merkatua zabaltzerako. Bigarren urtez ospatu zen atzo Nafarroako herrian Txistor Eguna, jaki hau eta txerria protagonista eginda.

Iaz bezalaxe, Txistor Lehiaketa izan zen eguneko zitarik garrantzitsuena. Lau parte-hartzaile aritu ziren nor baino nor jaki hau ahalik eta hobekien prestatu nahian eta, epaimahaiaren erabakiaren arabera, herriko Karrika tabernako ordezkaria, Begoña Mundiñano, aritu zen lan horretan finen. «Gustura geratu naiz; lana eman dit, baina merezi izan du», esan zuen.

Ogi artean frijitutako txistor zatia bera tentagarria da, baina Begoñak askoz ere pintxo landuagoa aurkeztu zuen. Piper berdearen barnean arrautzaren gorringoa eta txistorra sartu zituen eta gainetik txistor kremaz lagundu zuen.

Sukaldean aritzea asko gustatzen omen zaio eta, hala, bata eta bestea probatuz erabaki zuen irabazle egin duen errezeta prestatzea iaz bigarren saria eraman zuen sukaldariak. Orain beren bezeroek dasta dezaten prestatu beharko du pintxo irabazlea.

Txistorrak, noski, protagonismo handia izan bazuen ere, oro har, txerria izan zen atzo Arbizun jendearen atentzioa deitu zuena. Jaiaren aurkezpenean Udaleko arduradunek azaldu zuten moduan, egun honen asmoetako bat garai batean egiten ziren lanak azaldu eta herrira ekartzea zen.

Txistorra platerean izateko, lan handi eta neketsuak egin behar izaten dira. Herriko alkateak Jesus Mari Mendinuetak azaldutakoaren arabera, horiek ere erakutsi nahi izan zituzten. Hala, modu pribatuan txerria hil ostean, plazara ekarri eta ondorengo lanak osatu zituzten: txerria erre, zabaldu, zatikatu... Jairen protagonista, txistorra, eta horrekin batera odolkiak ere nola egiten diren ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek. Halaber, zotola bat ere egin zuten garai bateko teknikak baliatuz eta bertan jarri zuten zerrama bere kumeekin.

Ikustea ez da nahikoa, ordea, dastatu ere egin behar da-eta; esan beharrik ez dago, atzo beste inon baino, txistorra jateko parada ederra izan zutela Arbizun bildutakoek, txistor pintxoak han eta hemen baitzeuden.

Eguraldia bazkalordurako zapuztu egin zen eta horrek giroa apaldu bazuen ere, egun osoko jaia izan zen. Arratsaldean harri-zulatzaileak eta haurrentzako ikuskizunak izan ziren eta gauean, berriz, musikak hartu zuen lekukoa Tximeleta taldearen eskutik.

lehiaketa

Lau sukaldarik parte hartu zuten Txistor Lehiaketan. Epaimahaiak Begoña Mundiñano izendatu zuen irabazle. Txistorra, piper berde eta arrautzaren gorringoarekin osatu zuen pintxoa, iaz bigarren saria eskuratu zuen sukaldariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo