GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

ACB liga

Etxe berria, ezin hobeto estreinatu

Aurreneko bi laurden zoragarriak osatu eta gero, majo sufritu behar izan zuten bilbotarrek garaipena erdietsi eta lider kokatzeko.

p033_f01_098x140.jpg

BBB 77

P.E. VALENCIA 70

Ander GARTZIA

Haizea lagun jarraitzen du bigarren astez jarraian beltzez jantzitako baina itxaropen argiz beteriko taldeak. Garaipen borobila erdietsi zuen aurkari gogor baten aurrean. Eta Bilbao Arenan bizkaitarrek aurten eman dezaketen mailaren berri izan ostean, baikor izateko zio asko ditu Fotis Katsikarisek: pasadizo xumea baldin bada ere, bizkaitarrak lider dira eta talde sendo eta zabalaren itxura eman dute, beti ere garrantzitsua den aulkiko jendearen ekarpen handiarekin.

Preseski, Javi Rodriguezen eta Hervellen hutsuneak behin- behinean betetzen ari diren Fisher eta Rancikek, maila ederra eman zuten, Fotisen hitzetan «egundokoa». Banic azkar pilatu zen faltekin eta une horretan piztu zen Bilbo aldean itzaltzear den izarra; eslovakiarra ezin finago aritu zen bigarren zatian 18 puntu eta 21eko balorazioarekin. Hala, ikusteko dago mandatariek ze erabaki hartuko duten bi jokalari horien gainean.

Partidaren aurreneko hamar minutuetan, ordea, bi taldeen defentsa gogorra nagusitu zen -13 eta 11ko markagailua horren erakusgarri- eta beste behin ere Munbru bikain baten eskutik iritsi ziren bizkaitarren hasierako erasoaldiak. Valentziarrek, bitartean, Lishchuk-i esker eusten zioten markagailuari.

Bigarren laurden paregabea

Bigarren laurdenean, aldiz, ofizialki estreinatutako parketa Warren, Rancik eta Vasileiadisen show-aren agertoki bihurtu zen. Hiru mosketariek egundoko triskantza eragin zuten aurkarien atzealdean eta epe horretan lortutako 32 puntuetatik 30 saskiratu zituzten.

Fotis Katsikarisen erreguei kasu eginda, Bilbao Arena berriak bor-bor zen lapikoaren tankera hartu zuen debutari greziarrak nekez sinesteko hirukoa gauzatu zuenean. Aulkitik kantxaratu eta Chris Warrenek bere magalean hartu zuen orduan erasoko gidaritzaren ardura eta jokalari txinpartatsuak makina bat buruhauste eragin zituen talde laranjaren atzealdean; «ikusle mutu» bihurtu ziren beltzez jantzitako gizonen erakustaldiaren aurrean. Atsedenaldian, 45-33.

Partidak erabakita behar zuela zirudienean, baina, urduritasunak jota Valentziak estu hartu zuen BBB (73-70), nahiz eta bizkaitarrek ondo eutsi zioten.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo