AIZKORA | Urrezko lehiaketako Kopako finala
Inork ezin dio itzal egin Floren Nazabal txapeldunari
Etxarriko aizkolariak aise bereganatu zuen txapela. Lehen zatian Arrospide ongi hasi zen, baina arazo batzuk zirela medio, berak ere men egin behar izan zuen.
Jon LEUNDA
Floren Nazabalek bereari eutsi egiten dio, eta atzo Txapeldunen Ligako Urrezko Kopa bereganatu zuen. Liga ziurtatuta zeukan, eta atzo txapel hura ere eman ziotenez, bi txapel jantzi zituen Etxarrikoak. Beraz, astebetean hiru bereganatu ditu: Nafarroako Lehen Maila, Txapeldunen Liga eta Kopa.
Ligako lau onenak batu ziren atzo Pobesen jokatu zen azkeneko ekitaldian. Etxarrikoarekin batera, Larretxea, Lopez eta Arrospide neurtu ziren. Sei lan egin behar zituzten aizkolariek, eta amaieran Florenek ez zuen hutsik egin, jaun eta jabe izan baitzen proba osoan. Lopez saiatu zen apur bat estutzen, baina gaur egun, arazorik ez baldin badu behintzat, zaila da bera mendean hartzea.
Atzokoan, ordea, ez zituen sei probak berak irabazi, kana-erdikoa zutik mozten Anjel Arrospidek aurre hartu baitzion. Ongi, oso ongi hasi zen Leaburuko beteranoa, baina ez zuen zorte handirik izan. Izan ere, 60 ontzako enborra mozten, aizkoraren kirtena apurtu zitzaion eta denbora asko galdu zuen. Amaieran azken postuan bukatu zuen lehia.
Atzoko txapela lortuta, Nazabali aurtengo denboraldia amaitzeko Euskal Herriko finala falta zaio, Lopezi falta zaion bezalaxe, Arrospide eta Larretxea ez baitira ateratzen Euskal Herrikoan. Final horren eguna eta lekua oraindik zehazteke daude.