GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

JESEBE EGIA

Familia eskubidea, ezintasunean

Aitatasun baimena hartu eta lanetik bota duten gazte bati egindako elkarrizketa irakurrita, egun haurrak izatearen inguruko kontuak darabiltzat buruan; batetik, etengabe jakinarazten zaigun jaiotze-tasa handitzeko beharra, irizpide ekonomikoen arabera, bestetik, jaiotze-tasa hori handi dadin laguntzeko, hau da, haurrak izateko, eskura jartzen zaigun egoera kaskarra, oro har, gazteei zehazkiago, eta emakumeoi oraindik eta latzago, lan-mundua zailago eta baldintza okerragoetan dugun heinean, besteak beste.

Honen guztiaren inguruan berriki irakurri dudan erreportaje batek erabat partekatzen dudan iritzi batekin ematen zion amaiera testuari: «Bukatu beharra dago seme-alabak izatea zoragarria delako mitoarekin, izango da, agian, baina oso gogorra, zaila eta korapilatsua da». Hori, heziketa emateko abenturari dagokionez, argi dago, heziketa hori kalitatezkoa izan eta baldintza egokietan emateko nahiari eta betebeharrari dagokionez ere bai. Teoria denok daukagu argi, haurraren hurbilenekoek zein haren inguruan esku hartzen duten bestelako estamentuek, hezkuntza-arloko langileek eta haurtzaro eta familiarekin lotutako lege eta neurriak erabakitzen dituzten politikariek, gehienbat.

Gertatzen da, baina, haur horien gurasoen bizimoduari erreparatzea nahitaezkoa dela teorikoki ezarrita dagoenak benetako ondorio ukigarriak izan ditzan. Eta bizimodu horretan funtsezkoa da zein eskubide bermatzen zaizkien eta horiek egikaritzeko bideak ondo ezagutzea, gurasoen aldetik, eta behar bezala babestuta egon daitezen egiaztatzea, horretarako eskumena dutenen aldetik, bereziki; eta ez baleude, egon daitezen behar beste neurri eta erabaki hartzea edo harraraztea, behin eta berriz urratuz langileen eskubideak zapaltzeko baliatzen dituztenak zigortuta. Hemen ere teoria argi baitaukagu guztiok, enpresariek barne, baina familia aurrera ateratzeko milaka lagunen eguneroko «malabarismoei» erreparatuta, praktikak eskubide horiek egikaritu ahal izateko aukerak eta baldintzak ahalbidetu barik desagerrarazi egiten dituela ikus dezakegu.

Elkarrizketako aitaren egoera, mehatxuak tarteko eta kaleratzea ondorio zuzen, salaketa jartzeko moduko kasu argia da. Baina zenbat kasu daude hain nabarmenak ez direnak, askoz ere sotilagoak mehatxuak eta ondorioak, eragozpenak, finean, haurra edukita berau zaintzeko ahaleginean zein izateko erabakia hartzeko orduan. Bidegabekeriak salatzeko aukera, berriz, daukagun gutxia galtzeko bidea izango delako ustea, justiziaren zirrikituek izututa. Ondotxo ezagutzen dugu egoera hau emakumeok, oraindik ere tinko dirauen lanbidea eta amatasunaren arteko hautu gogorrari dagokionez, inposaturiko hautua, bestalde, egungo gizarte-egituren, ekonomikoez harago, eta antzinako rolen mende. Gainera, lana eta familia bateratzeko erronkak beti itxaron dezakeen erronka dirudi, eta noren mesederako ezin ulertu gabiltza. Jaiotze-tasa handi dezaten haurrak izateko eskatzen zaien horientzat, ziur ezetz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo