GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Munduko txapelketa amaitu berri da Pauen

Italiak eta Belgikak aitzinera egin nahi dute

Oso pilotari kopuru txikia dute, baina daudenak gogoz ari dira euskal pilotari eusteko, eta etorkizunari begira ere lanean gogor ari dira, honek jarrai dezan, eta bi herrialde horietan galdu ez dadin.

p037_f01.jpg

Jon LEUNDA

Italia eta Belgika dira pilotan ari diren Europako bi herrialde bitxi. Ulergaitza da Euskal Herriak, bere izena daraman lehiaketa batean parte hartzerik ez izatea, gainerakoak hemengo pilotariez eta euskal jatorria duten kirolariez josita datozenean, eta jakina da dominarik gehien euskaldunek jantziko dituztela. Italiak edo Belgikak, ia pilotaririk izan ez arren, badute parte hartzeko aukera.

Italiarren eta belgikarren egoerak oso antzekoak dira. Oso pilotari gutxi dituzte, ez dute jokatzeko lekurik, eta herrialdeko lehiaketak Frantzian egin behar izaten dituzte.

«Une honetan Italiako Pilota Federazioan baditugu 2.600 lizentzia, baina esan behar da, Federazioaren barruan direla bai euskal pilota, bai pilota valentziarra, baita pilota irlandarra ere; denak batera dauzkagu. Euskal pilotan ari diren pilotariak 30 dira, gutxiengoa da», azaldu digu Mauro Bellero Italiako Federazioko presidenteak.

Belgikarren kasua ere tankerakoa da, izan ere, hango federazioan ere aipaturiko hiru pilota molde horiek bateratuta daude, barnean dituzten jokamoldeekin bat eginda baitaude. Euskal pilotako jokalariak, ordea, oso gutxi dira, Fignart Guyk, trinketean eskuz banaka Munduko Txapelketan aritu denaren esanetan. «Une honetan euskal pilotan ari garenak hamar besterik ez gara. Gure asmoa hau gehitzen joatea da, ordea. Europako Txapelketara gazte batzuk eraman genituen jokamolde hauek ikus eta ezagutu zitzaten, eta Munduko Txapelketan ere berdin egin dugu. Haiek hasi ezean, etorkizuna ez dugu batere erraza izango», esan du Guyk.

Duten guztia, edo gehiena eraman dute Mundu Txapelketara. Italiak, hiru pilotari eraman ditu. Eskuz banaka eta binaka aritu dira trinketean. Belgikak, aldiz, zazpi ekarri ditu. Hauek, eskuz banaka, binaka, trinketean, eta paletan gomazko pilotekin frontoian eta trinketean aritu dira, baina inork ez du lortu lehen fasea gainditzea.

Oso zaila

Beraientzat oso zaila da pilotan aritzea, ez baitute entrenatzeko lekurik. «Euskal pilotan aritzeko instalaziorik ez dugu. Elizpetan aritzen gara entrenatzen, ez dago beste aukerarik. Italiako Txapelketa, berriz, Caenen egiten dugu, Frantzian. Kontua da, euskal pilotan ari diren gehienak Frantziatik gertu bizi direla, eta hara ere tarteka joan daitezkeela entrenatzera. Orain badago egitasmo bat, jokamolde guztientzako leku bat egiteko, eta hori beharrezkoa dugu», esan du Italiako presidenteak.

Belgikarrek ere arazo bera dute: «Badugu aurrean pareta duen leku txiki bat, hura besterik ez dugu, baina hark ez ditu baldintzak betetzen. Belgikako Txapelketa Frantzian egiten dugu, eta tarteka bertara gatoz entrenatzera. Garbi daukagu instalazioak behar ditugula, bestela hau erakutsi nahi diegun pilotariek ihes egingo digute pilota irlandarrera edota valentziarrera, han aukera gehiago baitituzte», esan du Guyk.

Hauen kasua bitxia bada, are gehiago da Greziarena. Nazioarteko Federazioan sartuak dira, baina ez dute inongo lehiaketetan parte hartzen. «Nik bi aldiz ikusi dut Greziako presidentea, bi bileratara agertu da, baina ez da gehiago azaldu. Uste dut Grezian bera bakarrik dela, ez duela pilotaririk», esan du Mauro Bellerok, Italiako presidenteak. Garbi dago pilotariren bat izan balu, Mundu Txapelketan arituko zela. Hala ere, onartu behar da, Italiak eta Belgikak meritu handia dutela, euskal pilotari eutsi egiten baitiote, jarraitzeko gogo handiarekin, gainera.

federazioak

Bai Italian, bai Belgikan, pilota federazioak osatzean euskal pilota, pilota irlandarrarekin eta pilota valentziarrarekin batera biltzen dute, eta gure pilota jokoan ari direnak gutxiengoa osatzen dute.

lekuak

Bi herrialdeetan ez dute euskal pilotan aritzeko lekurik, eta ahal duten moduan entrenatu behar dute. Bai Belgikako, bai Italiako txapelketak jokatzeko, Frantziara joan behar izaten dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo