GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Dominak epaileei: demokrazia espainiar erara

Estatuko hedabideetako tertulia, iruzkin edo zutabeetako iritzien artean nagusi dira espainiar demokrazian fede itsua dutenak. Nekez pitzatuko du ezerk ere fede hori. Baina demokrazia batek demokrazia izateko zenbait baldintza bete behar dituela uste dutenei gero eta zailago jartzen ari zaie espainiar demokrazian sinestea; esate baterako, Estatu espainoleko botere banaketan.

Ez dago zalantzarik oso kontu itsusia dela Barne Ministerioak, besteak beste, epaileei dominak ematea. Are itsusiago domina hori lana ondo egiteagatik emandako aitorpen sinboliko hutsa ez denean, dominak berekin biziarteko sari ekonomikoa daramanean, alegia. Hala ere, sari banaketa hori are larriagoa da alderdi estetikotik harago. Askatasunen arloan atzera egin duen Europa honetan ez da horrelakorik ikusten erraza. Poliziak herritarrak -bereziki euskal herritarrak- kontrolatzeko, jarraitzeko, haien etxeak miatzeko, atxilotzeko... baimena eskatu behar dien epaileei edo euskal presoen ardura duen epaileari Barne Ministerioak horrelako sariak ematea gutxienez botere banaketa hori zalantzan jartzeko moduko egitatea da. Horrelako irregulartasun «estetikoak» ohikoak izateak ez du esan nahi ez direla larriak. Baina kontu itsusi hori Estatu espainoleko demokrazia ezaugarritzen duten kontuetako bat gehiago besterik ez da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo