Kepa Alberdi Egaña «Maxixatzen» Azkoitiko herri aldizkariaren kolaboratzailea
Ospakizun eskandalagarria
Espainia, odolaren gainean eraikitako inperioa izanik, zenbat nahigabe eta atsekabe, zenbat sufrimendu eta zorigaitz eragin diguzun «España» izeneko fikzio hori mantentzeko
Memoriak askotan zama astuna du eta lotsagarria bezain adierazgarria bilakatzen da zenbait pasarte ilun oroitzean. Horra hor urriaren 12a, Día de la Fiesta Nacional de España, Espainiaren eta Guardia Zibilaren zaindaria den Pilareko Ama Birjinaren eguna, Amerikako historian aurrekaririk ez duen genozidioaren eguna.
Amerikako lurraldeetan burututako konkistak alde goibel anitz du. Dena den, herri oso hura suntsitzean eragindako gehiegikeria, bidegabekeria eta gainerako «keria» guztiak estaltzearren, «bi munduen elkar aurkitzea eta bi kulturen elkar uztartzea» balitz bezala saldu digute guztia, nolabait basakeria ikaragarri hura gainzuritu nahian. Egia ezin da erraustu, diskurtsoa erretorika berriekin jantzi arren, Espainiaren miseriak ezin dira uxatu. Pasarte ilunak makillatzen saiatzen dira, baina nola ezkutatu hainbat makurkeria? Mila udaberri kolpetik negutu zituzten Amerikako lurralde haietan. Jesukristoren izenean, gurutzearekin itsututa, inperio berria eraiki zuten indarrez. Zuhaitz eder eta sustrai sendokoak ziren paraje haietan, haizeak berak inolako hesirik gabe ibiltoki zabala zuen herrialdean, bat-batean, deabruaren irudikapena jabetu zen.
Kolonen lehorreratzea abiapuntutzat hartuta, holokaustoak 80 milioi indioren hilketa ekarri zuen, uste denez, mundu osoko populazioa 400 milioikoa zen garai haietan. Indioen arimak salbatzera joan ziren aitzakiapean, hango aberastasunak lapurtu, kontinente bat birrindu eta arpilaketa burutu zuten kultura eta erlijio arrotza inposatuz. Justifikatu ezinezkoa nolabait justifikatu nahian, lurralde haietara zibilizazioa eraman zutela diote, kultura zer zen irakatsi, han bizi ziren basapiztiak kristau zibilizaziora bildu eta aurrerabidearen munduan sarrarazi. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Garaitutako indioak esklabo bihurtuz, hitza eta eskubideak ebatsi zizkieten. Ondoren, hainbat hilarri marraskatuak izan ziren atzazal eta malkoz, lan baldintzek eta gaixotasunek jatorrizko populazioa ia desagerrarazi baitzuten. Herri zaharrak agonia-kanpaiak bere egin zituen.
Gatazka guztietan, eta duela mendeak gertatutakoetan maizago, historiaren errealitatea dokumentu ofizialetan babestu edo anparatu da, irabazleen edo zenbait onura lortu dituztenen esku geratu. Baina bada bestelakorik ere. Frai Bartolome de las Casas erlijiosoak ondo baino hobeto azaltzen du berak Amerikan aurrez aurre bizitakoaren testigantza: «Berdin zen ume, zahar edo haurdun zegoen emakumea, guztiak bortizki hiltzen baitzituzten inolako errukirik gabe». Gizonei eskuak moztu, lasto lehorrarekin bildu eta bizirik erretzen ere ikusi omen zituen... horrelako beste hamaika sarraski ere kontatzen du. Azken batean animaliak bezala ehizatu zituzten, kristautu ezineko arimentzat inkisizioa ezarriz.
Eta, nola ez, Espainiak, basakeria haren erantzule nagusia izanik, barkamena eskatu edo gutxienez isileko errespetua gorde beharrean, han gertatutako zorigaitzak eta miseriak ospatzen ditu. 1918. eta 1958. urteen bitartean Día de la raza gisa ospatzen zen urriaren 12a Espainian. Gaur egun ere, honen inguruan diskurtso erraza eginez eta instituzioen azaluskeria tarteko, ospakizun hauek, Francoren garaiak goretsiz, orduko parametro berberetan antolatzen dira. Horra hor Madrileko Castellanan Armadak egiten duen desfile militarra, lehen eragindako zauriak gatzaz estaliz. Larrua behar da eta hauek badute zenbat nahi, hainbeste. Kontzientziaren zakurra zaunkaka behin eta berriz entzuten dute, baina historiako pasarterik zirraragarri eta patetikoenak saihesten ahalegintzen dira behin eta birritan. Bide batez, indar militarrek, desfile parodia horretan, euskaldun, kataluniar eta nazio bezala ukatuak diren beste herriei, Espainia aberri bakar eta zatiezinaren zaintzaileak direla agerian uzten diete. Hona hauts haien gaurko errautsak.
Espainia, odolaren gainean eraikitako inperioa izanik, zenbat nahigabe eta atsekabe, zenbat sufrimendu eta zorigaitz eragin diguzun España izeneko fikzio hori mantentzeko. Nazio artifizial hori indarrez eraikitakoa da eta indarrez mantentzen da nahitaez egun ere, buztinezko hankak dituen «demokrazia» izeneko engainu hau tresneria egokiekin kudeatuz. Espainiari biolentzia beti atera zaio, ateratzen zaio dohainik. Iruzurgile galantak dira bai!