GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fidantzarik gabe, Martutenen kartzelatu dute Zarautzen hildako umearen aita

Azpeitiko Epaitegian sei ordu epailearen aurrean eman ostean, iragan ostegunean Zarautzen hildako 18 hilabeteko haurraren aita fidantzarik gabe espetxeratzeko agindu dute. Hala ere, oraindik ez dago argi homizidioa nahita ala axolagabekeriaren ondorioz gertatu zen.

p014_f01_199x116.jpg

GARA

Iragan ostegunean Zarautzen hildako 18 hilabeteko haurraren aitari fidantzarik gabeko espetxealdia ezarri dio bart arratsaldean Azpeitiko Epaitegiak. Epaitegiko iturriek informazio agentziei jakinarazi dietenez, Ertzaintzak alabaren homizidioa leporatu dio haurraren aitari, eta epaitegiaren aginduari jarraituz, Martutenen espetxeratu dute.

Homizidioagatik espetxeratu dute gizona, nahiz eta ez duten zehaztu arduragabekeria ala nahita egindako homizidioa izan zen. Gizonak aurrekariak ditu, bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik eta alaba bahitzeagatik. Uztailaren 17an umearekin alde egin zuen gizonezkoak, baina hurrengo egunean Galdakaon atxilotu zuten udaltzainek.

Ertzaintzaren arabera, pisua hartzen ari den hipotesia da homizidioa nahita egindakoa izan zela, poliziek oso zaila ikusten baitute 18 hilabeteko haurra bere kabuz iritsi izana txabolatik itsasoraino. Horiek horrela, espetxeratzea agintzeaz gain, sumarioa sekretupean jarri du epaileak, oraindik, ikerketa lanak egiten jarraituko dutelako.

Atzo goizean Ertzaintzaren egoitzatik Azpeitiko Epaitegira eraman zuten ustezko hiltzailea, joan den ostegunetik atxilotuta zegoena. Hamaikak aldera heldu zen epaitegira, aurpegia eskuekin estalita. Epailearen aurrean sei ordu igaro ostean, epaitegitik bostak aldera irten zen 41 urteko gizona, eskuetan bilurrak jarrita, eta berriro ere, bere aurpegia estaliz.

Bost egun igaro dira urte eta erdiko haurtxoa Zarauzko malekoi parean itota agertu zenetik eta oraindik zalantza asko daude kasu honen inguruan. Autopsiak dioenaren arabera, haurra itota hil zen, eta bere gorputzean indarkeria zantzurik ez zen ageri. Hala eta guztiz ere, ez dago argi haurra nola iritsi zen txabolatik hondartzaraino. Ertzaintzak ez du gertakariaren lekukorik, baina herritar batzuek aitortu dutenez, aita-alabak ikusi zituzten malekoi inguruan ordu batzuk lehenago.

Datozen egunetan egingo dizkioten hatz-marken analisiak eta beste froga batzuk auzia argitzeko lagungarriak izan litezke.

sekretupean

Martuteneko espetxera bidali duen arren, epaileak ez du zehaztu urte eta erdiko haurraren homizidioa nahita egindakoa ala axolagabekeriaren ondorioa izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo