GARA > Idatzia > Euskal Herria

Presoen aldeko ikurren politika sententziaren araberakoa izan dadila eskatu dio EBk Aresi

p012_f0298052.jpg

GARA | BILBO

Mikel Aranak, Ezker Batua (EB) alderdiko koordinatzaileak «entzungorrarena» ez egiteko eskatu zion atzo Lakuako Barne Sailari. Izan ere, Auzitegi Nazional espainolak Bilboko Txori Barrote konpartsako lau kidek presoen argazkiak erakustean ez zutela «terrorismoa goratu» ebatzi arren, Lakuak «bere horretan» jarraitzeko asmoa duela iragarri zuela-eta egin zuen Aranak ohartarazpen hori. Sententziaren berri izan eta gero, Lakuak «tolerantzia zero» politikari eusteko asmoa duela esan zuen Rodolfo Aresek, «Euskadiko herri eta hirietan indarkeriaz jokatu, hura babestu edo justifikatzen dutenentzat inpunitate gunerik egon ez dadin».

Barne Sailak bere ekintzak sententziaren arabera «moldatu» beharko lituzke, ordea, Aranak adierazi zuenez; eta «deigarria» da, haren ustez, «Eusko Jaurlaritzak esatea ez diola kasurik egingo sententzia bati». Gaineratu zuenez, EBk beti defendatu izan du presoen argazkien auzian kasu bakoitza banaka aztertu behar dela, «batzuetan presoen gerturatzea aldarrikatu dezaketelako, eta beste batzuetan terrorismoa goratu». Era berean, Auzitegi Nazionalaren sententzia saihesteko ez litzatekeela legerik aldatu behar defendatu zuen EBko koordinatzaileak.

DyJ pisuzko arrazoiekin

Dignidad y Justicia talde ultraeskuindarreko lehendakari Daniel Porterok, bestalde, «erabateko eskandalu»tzat jo zuen sententzia. Gainera, Txori Barroteko kideak absolbitzeak «aurrekariak» jarri eta ezker abertzaleari «argudioak» ematen dizkiola esan zuen. «Kaleak berriz ere ETAko kideen argazkiekin betetzea dago jokoan», zioen Porterok. Sententzia «pisuzko arrazoiekin» errekurrituko duela esan zuen DyJ-k.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo