Zentsuraren aurkako aldarria zabalduko da Bilbon, bosgarren urtez
Zentsura At! jaialdia egingo dute Bilbon, bosgarren aldiz. Kontzertu, hitzaldi, erakusketa eta film emanaldiak antolatu dituzte, zentsuraren aurkako ekimenean. Gaur, esaterako, Bruguera argitaletxeak jasandako zentsura frankistari buruz hitz egingo du Vincent Sanchisek.
GARA | BILBO
Adierazpen askatasuna aldarrikatuz, Zentsura At! jaialdia ospatuko dute Bilbon bosgarren urtez. Datorren igandera arte hitzaldiak, film emanaldiak, erakusketak eta kontzertuak izango dira, gehienak BBK aretoan.
Dagoeneko ikusgai dira bi erakusketa, Umida Ahmedova uzbekistandarrarenak. Argazkilari eta dokumentalen zuzendari honek bere herriko biztanleen bizitza grabatzeagatik jazarpen latza jasan du, kriminalki auzipetzerainokoa. Bertako agintarien iritziz, dokumentalak herrialdearen irudia kaltetzen du, bere nazio tradizioak iraintzen ditu eta balore moral eta espiritualak ahuldu. Uzbekistango pertsona baten adierazpen artistikoa disidentzia modura hartu eta hori leporatuta auzipetu duten lehenengo aldia da Ahmedovaren kasua.
Haren argazkiak bi erakusketatan paratu dituzte. «Women and men. From sunrise to sunset» BBK aretoan izango da igandera arte; eta Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusgelan, berriz, artista honek Bilbon ateratako argazkiak ikusi ahalko dira hilaren bukaerara arte.
Gaur, Vincent Sanchis kazetari eta komiki adituak hitzaldia eskainiko du 20.00etatik aurrera, Bruguera argitaletxeak jasandako zentsura frankistari buruz. Ondoren, 21.30ean, film emanaldia izango da. «Stopping the music. A story of censorship in apartheid South Africa» lanak, Robert Lucey protesta-kantautorearen istorioa kontatzen du, 1970. eta 1980. urteen artean Hego Afrikan izandako apartheid egoera azalduz.
Musika adierazpide
Biharko ere hitzaldi eta film emanaldi bana antolatu dituzte. 20.00etan, Roberto Torresek bere liburua aurkeztuko du: «La oposición musical al franquismo. Canción Protesta y Censura discográfica». Ondoren, Freemuseren «Listen to the banned» diskoa aurkeztuko dute, eta Umida Ahmedova ere bertan izango da.
Pelikulari dagokionez, kontinente beltzean izango du jatorria honek ere. «African underground: Democracy in Dakar» dokumentala Senegalgo hip-hop-az eta politikaz mintzo da. Filmaren aurkezpena Ben Herson produktore eta musikariak egingo du. Nomadic Wax diskoetxeko zuzendaria da eta ostegunean hitzaldia eskainiko du 19.00etatik aurrera.
Ostiral eta larunbatean iritsiko da kontzertuen txanda. Mari Boine kantaria, «sami kulturaren enbaxadorea», 20.30etik aurrera izango da BBK aretoan. Larunbatean, ordu berean, Amal Markus palestinarraren txanda izango da. Israelen bizi da egun, eta, beraz, badu jazarpen eta zailtasunen berri.
Bestalde, mahai-ingurua izango da ostiralean, EITBren egoitzan. Aurrez aipatutako artista eta gonbidatuez gain, Joan Mari Torrealdai eta Euskal PEN Klubeko ordezkariak bilduko dira.
Vincent Sanchis kazetariak Bruguera argitaletxearen aurka zentsura frankistak egindakoak azalduko ditu gaur. Bihar, Roberto Torresek bere liburua aurkeztuko du: «La oposición musical al franquismo. Canción Protesta y Censura discográfica».
Bi emakume izango dira kantari jaialdian: batetik, sami hizkuntzan abesten duen Mari Boine, ostiralean; eta bestetik, Amal Murkus palestinarra, larunbatean.