GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Xabier Izaga Irakaslea

Askatasunaren kolorea izan dadila

Ez dut batere gogoko «martxa berdea» izendapena -bai, ordea hartara deitu duen sarearena-, seguruenik munduan beste askori legez, duela 35 urteko beste martxa berde hura dakarkit-eta gogora. Sahararrentzat hain zorigaiztoko ondorioa izan zuen hura, alegia, NBEren ebazpena gorabehera autodeterminazio prozesua burutu ezinik. Eta hara non sahararren etsairik txarrenen artean, Marokorekin batera, estatu espainola eta frantsesa agertzen diren. Gaur egun Mendebaldeko Saharak, Marokoko monarkiaren okupazioa eta errepresioa ez ezik, Estatu espainolaren arduragabekeria ere jasaten baitu, espainiar gobernuek ez dutelako deskolonizazio prozesua burutzeko bere ardura bete, ezta hartarako asmoa erakutsi ere. Estatu frantsesak, berriz, Europako jarrerarik zitalena agertzen du Mendebaldeko Saharako auziari dagokionez. Liberté, egalité et fraternité diskurtso arranditsuetarako gordeta, kontu «serioetan» frantziar errepublikak interes ekonomikoak lehenesten ditu herrien askatasunaren eta eskubideen gainetik. Izan ere, eskrupulu demokratikoak arinagoak izaten dira negozio on bat tarteko.

Gaurko martxak ez ditu, harako hark ez bezala, espainiar indar armatuak berehalakoan uxatuko, baina bai herri honetako independentistek askatasunaren bidea elkarrekin ibiltzeko erabakitasuna adieraziko. Iruñe inoiz baino berdeago batean, Amerikan duela 200 urte abiatu ziren prozesuen ondorioz independentzia lortu zutenei zorionak eman eta munduan -baita Amerikan ere- askatasun eske dirauten herriei helarazteko elkartasun uholdea sortuko da. Sahararrentzat hondamenaren kolorea izan zena guztion askatasunarena izan dadila.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo