GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabier Soto, Josu Murgia, Ikerne Badiola eta Niko Moreno (*) Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta ezker abertzaleko kideak

Eskubide guztiak guztiontzat

Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoen azken hilabeteetako elkarlanak bake agertoki batera hurbildu du euskal gizartea

Atzo, urriaren 13arekin, urte oso bat bete zen Baltasar Garzon epaileak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Rufi Etxeberria, Ainara Oiz, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnalen atxilotzea agindu zuenetik, haiei Batasuna berreraiki nahia egotzita. Horietatik, azkeneko bostak aske geratu ziren LABen egoitzan polizia-operazioak egin eta egun gutxira; Rafa Diez apirilean libre utzi zuten politikan ez parte hartzeko baldintzapean, eta lehenengo laurek kartzelan jarraitzen dute epaiketaren esperoan.

Atxiloketa hauek salatzeko ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, HIRU eta EHNEk osatzen duten gehiengo sindikalak manifestaziora deitu zuen Donostian urriaren 17an; bertara EAJ, ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba eta ABko ordezkariak gerturatu ziren. Ordutik hona ugari izan dira euskal eragile sozial, sindikal eta politikoak kalean elkarren ondoan ikusteko aukerak: Etxeratek deituriko eta Auzitegi Nazionalak debekaturiko urtarrileko manifestaldia, ekainaren 29ko greba orokorra, «Egunkaria» eta «Udalbiltza» kasuetan auzipetutakoen aldeko manifestaldiak eta, azkenik, giza eskubide eta eskubide zibil eta politikoen alde urriaren 2an Bilbon izandako manifestaldi jendetsua.

Manifestaldi honekin batera, azken asteetan euskal gizartearengan gatazkaren konponbiderako itxaropena berpiztu duten gertakari ugari izan dira. Gernikako Adierazpena da horren adibide garbiena. Adierazpen eskubidea aldarrikatzea eta herritarren iritziak eta ekimenak kaleratzeko bideak exijitzea garrantzitsua da beti, baina inoiz baino premiazkoagoa da orain, Euskal Herrian aldaketa sakonak gertatzen ari direnean. Herritarrak dira, euskal gizartea da aitzindari eta protagonista eraikitzen ari garen egoera berri honetan eta Euskal Herriko eragileek beren ahaleginak eskaini behar dizkiote Euskal Herriari zeregin horretan.

Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoen azken hilabeteetako elkarlanak bake agertoki batera hurbildu du euskal gizartea. Horregatik, bidezko eta beharrezkoa deritzogu euskal gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko apustua egin zuten pertsona guztiak prozesu honen garapenean aske lan egiteko aukera izateari, Euskal Herriak behar duen bakegintza eta normalizazio politikoan aurrerapausoak eman ahal izan daitezen. Zentzu horretan, giza eskubide guztien defentsa abiapuntu hartuta, Alderdien Legea baliogabetzea eskatzen dugu, kartzelan arrazoi politiko hutsengatik dauden pertsona guztiak berehala askatzea exijitzen dugu; eta aske daudenei politikan parte-hartzeko duten berezko eskubidea aitortzea.

(*) Xabier Soto, Josu Murgia, Ikerne Badiola eta Niko Morenorekin batera, Amaia Agirresarobe, Begoña Campo, Santi Merino eta Miren Legorburuk, hurrenez hurren, Alternatiba, Aralar Eusko Alkartasuna eta ezker abertzaleko kideek ere sinatzen dute artikulu hau

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo