GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Tasio Erkizia Ezker Abertzaleko militantea

Konfrontazio demokratikoaz

«Beste era batera izatea nahiko genuke, baina ukatu ezinezko egia hauxe da: borroka da bide bakarra». Abiapuntu horrekin ekiten dio egileak aro politiko berrian saihestezintzat jotzen duen konfrontazio demokratikoaren inguruko hausnarketari. Masa borroka «indartsu, erakargarri eta demokratikoa», era eraldatzaileak erabiliko dituen «lan instituzionala» eta lanabes moderno guztiez hornituriko «komunikazio lana» dira erronkak, «erraza ez den geroaren bidean».

Auzolanak, konpromisoak eta borrokak ekarri gaitu honaino eta jarrera berberek askatuko gaituzte. Ez dago beste biderik. Bidezidorrek edo erosotasunaren aldeko apustuek galdu egingo gaituzte, herri bezala asimilatua izateko arrisku bizian uzten gaituelarik. Gogorra bezain begi-bistako errealitate gordina da. Azkenengo 50 urteetako ibilbideak, askatasuna lortu duten nazio guztienak bezala, hori erakusten digu. Dudarik ez dago beste era batera izatea nahiko genukeela, baina ukatu ezinezko egia hauxe da: borroka da bide bakarra.

Ezker abertzalearen hausnarketa sakon eta mamitsuaren ondorioz, «Euskal Herriak bere eskubide demokratikoak lortu ahal izateko jokabide egokiena soilik bide demokratikoak eta politikoak erabiltzea» dela erabaki du, baina horrek ez du inola ere esan nahi borrokari uko egin behar diogunik eta, are gutxiago, asimilazio bidean murgildu behar dugunik. Haratago joanez, fase berri honetan, gure helburuak lor ditzagun, inoiz baino jarrera tinko eta irmoagoak sendotu behar ditugula deritzot, borroka hitzaren esanahia bera ere zentzu zabalean ulertzera garamatzalarik.

Bistan da, irekitzen ari garen prozesu demokratiko honetan, indar metaketa, herriaren aktibazioa eta nazioarteko babesa direla gure indargune garrantzitsuenak. Indar metaketa benetakoa izan dadin apustu garbia egin behar dugu erabakitze eskubidea oinarrizkotzat jotzen duten indar politiko zein sozialekin, eta bereziki euskal Estatua lortzeko borondatea dutenekin, aliantza estrategikoak landu eta adosteko. Beraz, lan egiteko era zabal bezain anitzak erabiltzea dagokigu ziklo berri honetan. Euskal Herrian, burujabetzaren alde dugun gehiengo soziala zein politikoa antolatu eta proposamen zehatzen inguruan biltzea da datozen urteetarako erronka nagusienetarikoa.

Baina aldi berean, herritarren aktibazioa da, aurrera egiteko oinarrizko beste zutabea. Aurrekoari loturik eta uztarturik dagoen helburua. Herritarrak aktibatzeko, ezinbestean aldaketa politikoa zein soziala bultzatuko duen proiektu esperantzagarria eratu behar baita, baina ez da aski hori. Herritarren aktibazioa, haratago doan ideia da. Zabalagoa eta sakonagoa da, herritarren protagonismoan eraiki nahi baita ziklo politiko berri hau.

Eta jakina, herritarren protagonismoa egiazkoa izan dadin, beraien esku-hartzea gauzatuko duten bitartekoak proposatu behar dira: politikagintzarako era berritzaileak, zeinean «kasta politiko» zaharkituak desagertu behar diren; herritarrekin loturiko eta beraien irizpideak kontuan izango dituen lan instituzional parte-hartzailea eta ez burokratikoa; militanteen hezkuntza kritiko eta sortzailean finkaturiko lan ideologiko horizontala eta masa borroka eraldatzailea, besteak beste.

Gizartea astindu eta Estatu frantses zein espainolaren zapalketari aurre egingo dion masa borroka indartsu, erakargarri eta demokratikoa. Indartsua, herritarren parte hartze zabala lortuz estatuekiko presio bide eraginkorra izan nahi duelako. Erakargarria, herri sektore zabalak gureganatzeko tresna eta baliabide egokia izan behar duelako. Eta demokratikoa, soilik bide politikoak diren intsumisio eta desobedientzia zibila bultzatuko dituelako.

Konfrontazio demokratikoaz mintzatzen naiz, jakina, ez maite dudalako, konfrontazioa ez baita inorentzat bide erosoa, halabeharrez behartzen gaituztelako baizik. Jakin badakigulako zapaltzen gaituzten estatuek ez dutela beraien borondatez amore emango. Beraiek gerra nahi dute. Historian zehar, arrazoi politikoen ahuldadea ezkutatzeko polizien eta indar armatuen bortizkeria erabili izan dute eta gaur egun ere bide bera daramate.

Nahikoa izan da ETAk iniziatiba hartzea, bere ekintza armatuak gelditzeko erabakia adieraziz eta Bruselako proposamena egin zutenei begirunea eta konpromiso berriak hartzeko borondatea erakutsiz, beraien gerra oihuak areagotzeko, eraso berriak bezain larriak aktibatzeko. Atxiloketak, manifestazio eskubidearen urraketa eskandalagarriak, tortura basatiak bezain iraingarriak... Horren guztiaren aurrean herri presioa ezinbestekoa da. Probokazioetan jausi gabe, erantzun motak ongi aztertu eta eztabaidatu ondoren, baina erantzun eraginkorrak izanik. Modu erakargarri eta demokratikoaz noski, baina herri borroka indartsua bultzatuz.

Ezker Abertzaleko militantziak erabaki garrantzitsuak hartu ditu, bere borroka moldeak nolakoak izan behar diren oso garbi adieraziz. Baina ez gaurko kapitalismo basatian, herri bezala ukatzen gaituen sistema zentralistan edo Espainiako sasidemokrazian integratzeko asmoz, Euskal Herriak bizi duen ukazio egoera irauli eta aldatzeko baizik. Jakina da sistemak indar handia duela mugimendu iraultzaileenak ere bere baitan integratzeko, baina hortxe datza, hain zuzen ere, gure determinazioa: euskal Estatu independentea eta sozialista lortu arte etengabe borrokan eta lanean jarraitzekoa, alegia. Gure esku dago sistemak eskaintzen digun erosotasun faltsua saihesteko hartu behar diren barne neurriak zorroztea eta bide horretara belaunaldi berriak erakartzea.

Bidegurutze ilusionagarri bezain zaila bizi du gure herriak. Ezker abertzaleak ausardiaz jokatuz beste agertoki politiko baterako baldintzak sortu ditu. Horren aurrean, bistan da estatuek ez dutela bide berririk zabaldu nahi eta gure herriaren nortasuna irentsi, eta bestela desegin, nahian dirautela. Baina, halaber, gizartean mugimendu independentista indartsua gauzatzen ari da, giza eskubideen alde plataforma zabala hedatzen, eta batez ere nonahi ilusioa suspertzen ari dela nabarmentzen da. Indarra bada eta asko gara aldaketa sakonen aldeko apustua egiten dugunok. Urrats berriak emateko herritarren konpromisoa behar da. Eguneroko konpromiso anitza eta zabala hedatzea da bidea.

«Izan zirelako gara, eta garelako izango dira», dio atsotitzak. Herri borrokak, herritarren auzolanak eta etengabeko mobilizazioak ekarri gaitu honaino. Asimilazio saiakera guztiei aurre egin eta sasinormalizazioak salatzeko gaitasuna izan dugu. Errepresio basatia jasan arren, erresistentzia harresi zabala hedatu da. Bide berriari jarraiki, hurrengo fase batera heldu gara. Ziklo politiko berria abian da, aldaketa garaiak ditugu eta, beraz, Euskal Herri berria eraikitzeari ekin behar diogu. Eta jakina, denbora edo fase berriari erantzuteko, bitarteko eta lanabes iraultzaileak behar ditugu: nahi duten herritar guztien parte hartzea bermatuko duten mobilizazio zabalak eta etengabeko herri presioa. Era eraldatzaileak erabiliko dituen lan instituzionala, berrikuntza sortzaileaz jantziriko masa borroka eta egungo lanabes moderno guztiaz bideratutako komunikazio lana.

Bidea ez da erraza, baina etorkizunaren lekukoa gure esku dugu. Tamaina honetako erronkak erantzun sendoa eskatzen digu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo