GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskubide guztiak lortzeko bidea sendotuz

Ezker abertzalea, EA, Aralar eta Alternatibak Donostian biharko deitu duten elkarretaratzea ez da baterako ekimen bakana. Dagoeneko esan liteke dinamika baten ondorio dela. Gernikako Adierazpena, Bilboko manifestazioa, euskal indar subiranistek batera egin dituzten ekimen guztiak agerian uzten ari dira helburua ez dela deialdi bat egin eta hari ahalik eta atarramendurik handiena ateratzen saiatzea. Ez dela itxurak egiteko edo estrategia alderdikoi partikular baten zerbitzuko agerpen bat, baizik eta segida duen eta sendotuz doan konpromiso baten ondorio, herri honen eta herritar guztien eskubide guztiak aitortu eta errespetatuak izan arte behintzat luzatu behar duen bidea ibiltzeko konpromisoaren ondorio, hain zuzen. Gaur indar politiko horietako zenbait buruzagik batera argitaratutako idatzian gogorarazten dutenez, «herritarrak dira, euskal gizartea da aitzindari eta protagonista eraikitzen ari garen egoera berri honetan»; eta, halaber, «Euskal Herriko eragileek beren ahalegina eskaini behar diote Euskal Herriari zeregin horretan». Izan ere, horixe da eragile sozial, sindikal eta politikoen lana, agertoki horretarako bidea egiten lagundu eta erraztea, eta inolaz, interes alderdikoiak lehenetsiz, oztopatzea. Donostiarako deia beste pauso txiki bat da, beste askorekin batera, zalantzarik gabe, ibilbidea sendotuko duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo