Lander Garro Idazlea
Kontrako espaloitik
Elkar agurtzea beti da, derrigor, beste norbaitekin, arrapaladan, zirt edo zart adosten den zerbait. Ikusi, eta ekintzarako prestatzen gara; nor den, zertaz ezagutzen dugun, rollo txarren bat izan ote dugun: guztiak dauka erabakigarritasunik. Arerio politikoak, adibidez, bekainak goratuz agurtzen ditugu, nahiz eta aukeran, nahiago ez agurtu. Izuak behartzen gaitu, hurkoari herra garbi agertzeko izuak. Batzuetan urrundik ikusten ditugu etortzen, eta, gutxi gorabehera, elkarren parean geratzeko tartea eta denbora kalkulatzen ditugu. Besteak ere hala egin duela ohartzen gara. Dozena bat pauso eman, eta orduan begiratzen dugu, justu agurtzeko denbora izan dezagun, baina begiradari eutsi behar izan gabe, une mingots horri izkin eginez. Beste batzuetan, hantxe ikusten dugu lagun ezeroso hura, eta saiatzen gara ez begiratzen, hori baita taktika onena agurtu behar ez izateko. Baina, hara non, konturatzen garen beha daukagula, eta, nolabait, igartzen hasia zaigula ez dugula begiratu nahi. Tarte bat igaro dadin uzten dugu, baina hantxe daukagu bizkarroiaren begirada geure kolkora itsatsita. Orduan badakigu geureak egin duela, ze begiratu orduko, ezustea, sorpresa agertu beharko dugu, eta, sinetsidazue, antzezpen hori sinesgarri egitea benetako artea da. Pentsatzen jarrita, akaso horrexegatik tematzen dira agurtu nahi ez ditugunak gu ataka horretan jartzen, hurkoa trantze tamalgarri horretan ikustea beti delako plazer. Bereziki lagun hori arerioa bada. Hurrengoan kontrako espaloira joango naiz. Teknika zaharra da, ziztrina, baina ez du hutsik egiten.