Joxi Uranga Astigarragako Ezker Abertzaleko zinegotzi taldearen izenean
Zorionak Zorione
Bihotz-bihotzetik, zorionak Zorione. Berriro ere «demokrazia azken muturreraino» eraman eta beste kargu bat lortu duzu, gainera ez nolanahikoa, oraingoan San Markoko lehendakariorde, ez gara nekatzen, ez nazkatzen, zorionak eta bi muxu. Oraindik gogoan dugu EAJren azken ekitaldia Victoria Eugenian, «Batu Gaitezen» lelopean (H1 baztertuz), gogoan ditugu Egibar jaunaren hitzak eta egunkari ezberdinetara bidalitako idatzietan esandakoak. Nola PSOE eta PP salatu dituen Alderdien Legea beren mesedetan erabiltzeagatik zuei lehendakaritza kentzeko... Orain zer egin behar duzu, jo eta ke («humo») errauskailuaren alde, hori ere herriaren borondatea errespetatuz? Zeren jakin ere jakingo duzu, Astigarragan azkenaldian egon diren mobilizazio handienak errauskailuaren kontrakoak izan direla, ezta?
Astigarragatik San Markora eta errauskailuaren alde, altxa porru! Egia esan Astigarragan ere alkateorde zara «demokrazia azken muturrera» eraman duzulako, Foru Aldundian batzarkide zaren bezala. PSOEk eta PPk EAEko Parlamentuan egin duten berbera egin duzulako, Astigarragako lehen indarra erabat baztertu duzulako, Batu Gaitezen-etik urruti beraz. Barkatu, Lizartzan ere, oker ez bagaude, «demokrazia azken muturrera» eraman ondoren izan zinen zinegotzi. Demokraziaren eredutzat hartuko zaitugu eta udalbatzarrari proposatuko diogu, zure izenez bataiaturiko monumentu bat eraikitzea. Hori bai, material birziklatuekin.
Nola batu zaitezke EAEko Lehendakaritza ostu dizun partidu batekin? edota hezkuntza munduan Astigarragari hutsaren hurrengoa ematen dion Celaa anderearen alderdiarekin? Gau eroren batean xuxurlatu ahal zenion belarrira Juan Carlos Merinori «zu lehendakari eta ni lehendakariorde Batu Gaitezen (ez gaitezen banandu)».
Horrelako jarrerak ikusita zaila da batzea, txutxu-mutxuka hasi orduko adarrak jartzen, hala eta guztiz ere guk ez diogu inori aterik ixten (jakingo duzu, atez ate goaz), ezta lankidetzarako alboratzen ere, baldin eta eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzen baditu.