GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Begoña Arriaran Askapeneko kideen izenean

Internazionalismoaren teorema 11 - 6 = 11

Badakizue gaur Internazionalista Eguna ospatzen ari garela Ziortza-Bolibar eta Gernika-Lumon. Egia esateko Askapenak 23 urte hauetan ospatu duen gazi-gozoena da aurtengoa. Gazia, euskal internazionalista guztiak ez gaudelako bertan. Gozoa, guztiak gaudelako presente. ETA Nola den hori posible? Matematikek ez dutelako huts egiten: hamaika ken sei berdin hamaika.

Hona hemen azalpena: milaka iraultzaile izan dira historian eta munduan zehar errepresaliatuak, erailak, desagerraraziak. Gure herrian jakin badakigu zeintzuk diren zapaltzaileen mekanismo krudelak, herrien ahotsak isilarazteko helburuarekin erabiltzen dituztenak. Milaka dira txoko guztietan preso dauzkaten lagunak, borrokalariak, euskal herritarrak, palestinarrak, maputxeak, kolonbiarrak, korsikarrak, kurduak... guztiak aldaketaren alde jarduteagatik, oligarkien, inperioen eta kapitalaren interesak kolokan jarriko dituen eredu baten aldarrikapenean eta eraikuntzan lan egiteagatik.

Baina ekuazioan akats bat agertu zaie, kenketa izan barik, batuketa bihurtu da. Askatasuna lapurtzen diguten bakoitzean, kide baten bahiketa bakoitzarekin askatasun grina murriztu ez eta handiago bihurtzen baita. Borrokan jarraitzeko gogo handiagoa baitugu, indar handiagoa eta arrazoi gehiago. Amorruak gure indarra elikatzen duen bitartean maitasunak gure konbikzioa sustraitzen du. Orduan gertatzen da batuketa, gehiago daukagunean lortzeko eta irabazteko, gutxiago galtzeko, ilusio, nahi eta beharrak askatasunaren bidean kokatzen gaituztelako.

Gaur Gernikan Unai, Walter, David, Gabi, Haritz eta Uberka ez zaudete, etsaiak espainiar eta frantziar espetxeetan bahituta zauzkatelako. Baina etsaiak ikasi eta ikusten ez duena zera da, zuek seion hutsune fisikoak ez duela eragozten zuen ametsak, utopiak eta egindako lanaren fruituak bertan islatzea. Zuenak eta betiko internazionalistenak, iraultzaileenak, errepresaliatuenak eta borrokan eroritakoenak, Begoñarenak edo Pakitorenak.

Zuon presentzia herriekin eta herriarekin batera, askatasun nahiarekin, lagun eta senide bakoitzean eta zuokin esperientziak konpartitzeko aukera izan dugun gutako bakoitzean dago orain. Kaiola ilunetatik ere argitzen baituzue gaurko egun grisa, irribarre bakar batekin, hortzak erakusten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo