GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Sabotaje tentaldia

Ez da ergelkerietarako tenorea. Ez dugu umekeriarik behar. Aurrera jarraitzeko gogoa, hori da gakoa. Interes ilunak gaindituz, garbi jokatuz. Saboteatzeko tentaldian ez erortzen, finean

Urrats handiak eman dira gure herrian hondarreko hilabeteetan. Eztabaidak akordioak, adierazpenak, agerraldiak, erabakiak, mobilizazioak eta zerrenda luzea osatzen duten era guzietako ekimenak gertatu dira. Nekez pentsa zitekeen halakorik duela bi urte, esaterako, baina behin bidean abiatuta, urrats berrien faltan gelditzen garela dirudi. Gerta dakiguke, berriz, bizkor ibiltzeko gogoak eraginda urratsen sakoneko garrantzia ez barneratzea, eta ez dut uste hau ideia ona denik.

Hor dugu, adibidez, Bilbon egindako manifestazioaren arrakasta. Edota Gernikako adierazpen historikoa. Edo, gertuago dugun Iruñeko Martxa Berde jendetsua. Bata bestearen ondotik etorri diren heinean, pentsa daiteke laster ahantzi ditugula. Akats handia litzateke, ene ustetan, abiaduraren lohian itotzea. Mantsoki joan beharra dago, pausatu gabe, denbora galdu gabe, baina pauso oro ongi neurtuz, baliatuz eta eraginkor bilakatuz.

Nabarmena da irekitzen ari den prozesuak etsaiak dituela. Gogotik eta zitalki jardunen duten etsaiak. Eman daitezkeen urratsak gutxietsi edota zapuztu nahi izanen dituztenak. Sabotaje jardueran arituko direnak, hots.

Horiek «ez-aski»ren mezua inposatu nahi izan digute, urratsen balioa husteko. Ezin da ezer pentsatu haiek asetzeko, nahi duten bakarra espainiar egitasmoaren inposaketa bermatzea delako. Haiendako ez dago prozesu onik, errendizio saioak ez badira. Alferrikakoa da haiei begira ibiltzea.

Horrek argitzen du zergatik piztu duten Venezuelako Gobernuaren kontrako kanpaina noiz eta Bilboko manifestazio erraldoiaren biharamunean. Halaber erraz ulertzen da zergatik gauzatu dituzten beste errepresio jarduerak ekimen zehatzen ondotik.

Baina, zer dela-eta sartu dira beste eragile batzuek emandako urratsen gutxiesteko sasietan? Zertara dator Bilboko manifestazioaren inguruko polemika artifiziala sortu eta bultzatzea?

Badirudi baten batek tentaldi berdina izan duela Martxa Berdeaz. Agertu ez, ez agertzearen arrazoiak aurretik argitu ez, eta ondotik, Martxa Berdea izugarrizko mobilizazio ederra izan zela ikusi zelarik, adierazpen harrigarriak zabaldu, zorionez sortu ez den eztabaida faltsua abiatzeko asmoz.

Hori ez da bidea. Bazterrak nahastuz ez dugu deus onik eginen. Indarrak bildu ahal izateko, joera batzuk baztertu beharko dira. Egia esan, eragile gehienek urrats handiak eman dituzte indar metaketa errazteko bidean, baina badirudi asko kostatzen zaiela beste batzuei. Ezeroso daudela garai berri hauetan. Behartuta abiatu direlako, agian. Ez dutelako gogorik, beharbada. Berdin da. Ez da ergelkerietarako tenorea. Ez dugu umekeriarik behar.

Aurrera jarraitzeko gogoa, hau da gakoa. Protagonismoak eta alderdikeriak alde batera utzita. Interes ilunak gaindituz, garbi jokatuz. Saboteatzeko tentaldian ez erortzen. Denok ikasi beharko dugu lortu duguna baloratzen eta baliatzen. Emandako pausoei duten balioa ematen. Egiten den lana zabaltzen, finean.

Kontua ez da etengabeko ekimen espiralean sartzea, agertoki berriak ekartzea baizik. Eta, horretarako, egiten duguna preziatu behar dugu. Bidaia luze eta gogor baten ondorioa delako. Ez baita batere erraza izan une honetara iristea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo