GARA > Idatzia > Ekonomia

Lanbide Heziketaren arloan lankidetzan ari dira Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herria

A.B. |

Ikaslan Gipuzkoak eta Pirinio Atlantiko Departamenduko artisautzaren eta lanbideen Ganberak (Chambre des Métiers et de l'Artisanat) «Mugaz gaindiko Lanbide Heziketaren antolaketa, pedagogia eta kalitatea» izeneko egitasmoaren berri eman zuten atzo Baionan.

Besteak beste, titulu bikoitza emanen duen mugaz gaindiko lanbide prestakuntza sortzea helburu duen proiektu hori gauzatzeko sei ekintza nagusi definitu dituzte bi erakundeek: hizkuntzaren ezagutza, irakaskuntza zentroen arteko lehenengo trukeak bultzatu, irakasleei eta artisauei zuzenduriko ikastaroak eskaini, bereziki harakinei eta okinei dagokienez ikastaro komunak sustatu, enpresa sorrerari begira gazteentzako laguntza garatu, eta, ikastaroen arloko beharrak aztertu.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «artisauen sektore handia» dagoela, eta, Gipuzkoan, berriz, «industrialagoa» dela zehaztu ondoren, «elkarren artean asko» dutela ikasteko nabarmendu zuten atzo. «Eraginkorragoak izateko, mugak gainditu eta lanbideak zabaldu nahi ditugu», adierazi zuen Iñaki Mujika Ikaslaneko ordezkariak. Bi erakundeen arteko elkarlanerako lehen fasean, izan ere, elkar ezagutza zuten gehienbat bultzatu. Ekintzak zehazten dituen bigarren fasearen berri eman zuten atzo, eta «proposamen seriosagoak emanen» dituen hirugarren etapa bat ere izango dela jakinarazi zuten.

Titulazioa

Titulazio komun bat sortzearen helburuari dagokionez, Europa mailan, arlo horretan, urratsak eman zirela esan zuen Mujikak. «Baina mantso doa. Aztertuko dugu ikasleek zer behar duten mugaz bi aldeetako diploma lortzeko», bukatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo