GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atez atekoaren emaitza onak desitxuratzea egotzi diote Partzuergoari

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak egin dituen akusazio «larrien» aurrean, Hernani, Usurbil eta Oiartzungo alkateek uste dute «atez atekoak atzera bueltarik ez duela ikusten dutenez, kalitatearekin sartu» direla. Bildutakoaren kalitatea «ezin hobea» dela-eta, Partzuergoak «kanpaina intoxikatzaileak» alde batera utzi eta erakunde guztien artean herritarren mesederako «zentzuzko politika eramangarria» martxan jartzeko eskatu diote.

p015_f02_148x148.jpg

GARA |

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak egindako akusazioei erantzunez, Hernani, Oiartzun eta Usurbileko alkateek agerraldia egin zuten atzo. Lehenik eta behin, argi utzi zuten atez ateko bilketari esker eta herritarren ahaleginari esker hiru udalerrietan jasotako hondakin organikoak kalitate «ezin hobea» duela, eta Partzuergoaren beraren aginduz Novotec enpresak egindako azterketak berresten duela hori. Alta, martxan diren atez ateko bilketaren emaitzak «desitxuratzeko asmoz», Partzuergoa «gezurra eta faltsukeria» erabiltzen ari dela salatu zuen Oiartzungo alkate Aitor Etxeberriak.

Izan ere, Etxeberriak azaldu zuenez, Partzuergoak, «erakundeen arteko gutxieneko errespetuari muzin eginez» eta hiru udalerriotako alkateekin harremanetan jarri baino lehen, komunikabideen bitartez, «gezurra oinarri, akusazio larriak» zabaldu ditu.

Biltzen dutenaren kalitatea ona bada ere, Usurbileko alka- teak, Xabier Mikel Errekondok, konpostaren kalitatea hobetze aldera hainbat proposamen egin zituen. Batetik, konposta egiteko azpiegiturak «egokitzeaz gain», ordutegia ere egokitu behar dela esan zuen, «bildutakoa lehen baino lehen tratatzeko». Bestetik, erakundeen arteko harremanak «zuzena» behar duela izan uste dute. Izan ere, karakterizazioen emaitzak oso berandu jasotzen dituztenez, neurriak hartu beharko izanez gero, «epez kanpokoak» izango lirateke.

«Inposizioaz hitz egin dute, auzibidean jarri gaituzte, erakundeetatik bota -Sanmarko mankomunitatea kasu-, %80tik gorako birziklatze mailari sinesgarritasuna kendu nahi izan diote, eta, hala ere, atez atekoak atzera bueltarik ez duela ikustean, orain kalitatearekin sartu dira», azaldu zuen Oiartzungo alkateak.

Herritarren osasuna zaindu

Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiak jakinarazi zuenez, Garapen Iraunkorreko diputatu eta Partzuergoko lehendakari Carlos Ormazabali idatziz bilera eskaera egin diote, lehenik eta behin, zabaldu dituen «faltsukeriak argitu» ditzan. Bigarrenik, biltzen duten gai organikoari egiten zaion azterketetan presente egoteko ere eskatuko diote Ormazabali.

Agerraldia bukatze aldera, Beitialarrangoitiak, beste behin ere, ozen esan nahi izan zuen Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen atez atekoak «osasun ezin hobea» duela. «Gero eta emaitza hobeak lortzen ari gara, bai kalitatean, bai kopuruan ere», adierazi zuen.

Zentzu horretan, Hernaniko alkatearen aburuz, herritarrak izugarrizko lezioa ematen ari dira egunero-egunero, eta «Gipuzkoa garbi eta osasuntsuago baten bidean ez dutela atzera egingo», ohartarazi zuen. Hala, Partzuergoari dei egin zioten «kanpaina intoxikatzaileak» alde batera utzi eta politika eramangarria abiatu dezan.

prentsa idatzia

Hondakinen kalitateari buruzko emaitzak jaso zituzten urriaren 1ean, eta txostenean ez zieten ohartarazpenik egin. Alta, hurrengo egunean, hiru herrietako organikoa «kalitate eskasekoa» dela zabaldu zuen prentsa idatziak.

desitxuratu

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa martxan diren atez ateko bilketaren emaitzak desitxuratzeko asmoz, «gezurra eta faltsukeria» erabiltzen ari dela salatu dute.

bilera eskaera

Egoera honen aurrean, Hernani, Usurbil eta Oiartzuneko alkateek Garapen Iraunkorreko diputatu eta Partzuergoko lehendakariari, Carlos Ormazabali, bilera eskaera egin diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo