GARA > Idatzia > Kirolak

AIZKORA

Maila nagusiko Euskal Herriko finala azaroaren 21ean Asteasun jokatuko da


Jon LEUNDA

Aizkolaritzako urteko egunik garrantzitsuenak azkenean baditu lekua, ordua eta eguna. Euskal Herriko Txapelketaren finala azaroaren 21ean jokatuko da Asteasuko pilotalekuan, 12.00etatik aurrera. Krisi egoerak ez du batere laguntzen txapelketak antolatzerako garaian, eta final honek nahikoa arazo sortzen dizkie Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko kideei. Iaz abenduan jokatu zen Arbizun, eta aurten ere dezente kostatu zaie lekua topatzea. Azkenean hori lortu dute, eta orain finala jokatzeko txartela duten aizkolariek badakite noizko egon behar duten prest. Kanporaketa abuztuaren amaieran jokatu zen Berrobin, eta han Nazabalek, Azurmendik, Olasagastik, Lopezek, Otaegik eta Mujikak lortu zuten finalean izateko txartela, eta ezeren okerrik ez dutela, beraiek izango dira txapelaren lehian arituko direnak. Lana ere betikoa izango dute, lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko. Hortik aurrerako xehetasunak, sarreren prezioak, eta gainerakoak, hemendik aurrera joango gara ezagutzen. Garrantzitsuena, lekua alegia, azkenean topatu dute, eta horixe zen denek lehenbailehen jakin nahi zutena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo