Nazioarteko abesbatzen lehiaketak hogeita bat talde bilduko ditu Tolosan
Maddalen LARRINAGA | TOLOSA
Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren 42. edizioa hastear dago. Hilaren 29an izango da inaugurazioa eta azaroaren 1era arte iraungo du. Bertan, 16 herrialdetatik datozen 21 abesbatzek hartuko dute parte, eta gainera, horietako hiru abesbatza mistoetan arituko dira eta abeslarien kopurua murriztuz, ahots-taldeetan. Koruen jatorrien artean Japonia, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Suedia edota Filipinak aurki daitezke.
Krisi ekonomikoa dela eta, iragandako urtean murrizketak pairatu zituzten jasotako diru-laguntzetan eta hainbat ekimen programaziotik at utzi behar izan zituzten. Aurten ere egoera ez da hobetu, eta, ondorioz, txapelketa aurkezteko egindako kontzertua ere kanpoan gelditu da oraingoan, eta berarekin batera, ohikoa zen kontzertu berezia.
Hala ere, aurreko urteetan egindako hainbat ekintza mantentzen dira, hala nola egin beharreko probak. Alde batetik, haurrez osatutako bost abesbatzek modalitate bakarrean hartuko dute parte eta kantatu beharreko obra Eva Ugalderen «Dizdika zeruan» izango dute. Ahots taldeen atalean lehiatuko diren sei taldeek musika sakratu eta profanoa abestu beharko dute eta hamar abesbatza mistoek polifonia atalean parte hartuko dute. Kantatu beharko duten obra David Azurza tolosarraren «Ave Virgo Santisima» izango da.
Euskal abesbatzak ere lehiaketan izango dira emanaldi berezi baten bidez. Izan ere, Ordiziako Oroith eta Tolosako Hodeiertz koruek elkarrekin abestuko dute ahots mistoen modalitatean. Bi talde hauek bakarka ere lehiatu izan dira Tolosako lehiaketa honen aurreko urteetan. Eta Gasteizko Crescendo abesbatzak haurren koruekin hartuko du parte.
Epaimahaikideak mundu osoko koruetatik etorriko dira. Hala, Mogens Dahl danimarkarra, Florian Helgath alemaniarra, Bo Johanson suediarra edota Alina Orraca kubatarra izango dira talde horietako partaideak, eta presidente lanetan Xabier Sarasola ibiliko da.
Gaur bertan, 20.00etan, San Frantzisko elizan Abesbatzen Topaketa antolatu du Gipuzkoako Koru Federazioak eta Kup taldeak hartuko du parte. Talde gipuzkoar hau Tours-ko txapelketako irabazlea da, eta hala, datorren urtean Tolosan ospatuko den Sari Nagusian lehiatzeko postua irabazita dute. Hauekin batera, Enchiriadis emakume ahots-taldeak eta Orereta Abesbatzak ere emango dute emanaldia.
Azkenik, aurtengo edizioan Erkki Pohjola finlandiarrari, txapelketako kolaboratzaile eta haur koruen zuzendari onenetarikoa izandakoari, omenaldia egingo diote kontzertu baten bidez.