GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Udako epela udazkenera ere luzatu nahi du Oinatzek

Iaz bost tanto baino egin ez zizkion Beroizek arantza kendu nahi du, nahiz eta bere biktima papera onartu.

p038_f02_555x555.jpg

Jon ORMAZABAL

Badira, udako epelarekin oroitu eta, udazkenean tristatu egiten diren pertsonak. Oinatz Bengoetxeari ere antzerako zerbait gertatu izan zaio, bere garaipen handienak udako berotan lortu ostean, tenperaturak bezala, bere jokoak ere behera egin ohi duelako. Ezbairik gabe, Leitzako aurrelaria izan da udako pilotaririk onena eta iragan astean ere, Nitro torneoko finalean, gaur egun sasoi punturik onenean dagoen pilotaria dela esateko moduan jokatu zuen. Atzo hasi zen Lau eta Erdiko txapelketan maila horri eustea da aurrelariaren hurrengo erronka.

Iaz gertatu zitzaion bezala, Mikel Beroiz izango da, Aimar Olaizolaren faltan, Asegarceko esperantza handienaren ibilbideko lehen oztopoa. Aspeko atzelaria bostean utzi zuen iaz Labriten bertan jokatutako partidan eta horrek are faboritoagoa egiten du Oinatz Bengoetxea. Horrexegatik, kantxara tentsioz irtenaraztea eta presioak kalte egin ez diezaion, lan handia egiten ari da Asier Garcia bere botileroa egunotan.

Bere biktima papera nahikoa barneratua duen arren, Mikel Beroiz iazko arantza kentzeko asmoz irtengo da kantxara. Uhartearrak arazotxo batzuk izan ditu bere eskuin eskuan, udan nahi adina jokatzen utzi ez diotenak, baina fisikoki sasoi onean heltzen omen da gaurko partidara. «Iaz Oinatzen aurka oso gaizki jokatu nuen. Aurten lasaiago irten nahi dut jokatzera, dakidan guztia jokatu eta lan handia egin behar izan dezala irabazi nahi badit», azaldu zuen material aukeraketan.

Pronostiko zaila Gernikan

Gernikan, ia ordu berean, Asier Olaizola eta Iñigo Diazek elkarren aurka jokatuko dute txapelketako lehen kanporaketan. Udan torneorik jokatu ez duen arren, Asier Olaizola joko momentu onean heltzen da, baina iaz Gonzalez txapeldunari tanto gehien (19) egin zizkion nafarra ez da aurkari erraza izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo