GARA > Idatzia > Kultura

Azken berrogei urteei buruzko autobiografia «gazi-gozoa» idatzi du Mikel Hernandezek

p041_f02_097x092.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Mikel Hernandez Abaituak, nahiz eta biografiarik inoiz ez zuela idatziko behin eta berriz esan, argitaratu berri duen «Azukre xehea, gatz larria» horixe bera da: «Oroitzapen autobiografiko sentimentalak» jasotzen dituen lana. Garai baten kronika ere bada.

Baina, liburu horren orrialdeetan topa daitezkeen gertaerak ez dira bere bizitzari buruzkoak zehazki; bertan lantzen diren gai nagusiak politika, musika eta literatura dira. 70eko hamarkadatik hasita gaur egunera arte egiten du bidea, eta hiru kontzeptu horien inguruko gertakizunak kontatzen ditu Mikel Hernandezek, bere burua ardatz duela. Hala ere, bada bereziki landu duen garai bat, 80ko hamarkada, hori izan baitzen zeresan eta gertaera esanguratsuenak izan zituen aldia.

Autorearen hitzetan, lan «goxoa» da, jorratzen diren gaiak direla-eta. «Ez nuen gauza tristerik, itsusirik kontatu nahi», baina politikaren munduko gauza «itsusiak» ere sartu behar izan ditu, beren garrantzia izan baitzuten. Hori dela-eta, atera zitzaion liburuaren izenburua, kontakizuna gazi-gozoa iruditu baitzaio gasteiztarrari.

Autobiografia hau «Panpinen erreinua» izeneko ipuin-liburuaren bigarren ediziorako idatzi zuen epilogo biografikotik sortu zen. Hau idatzi ondoren jaso zituen hamaika laudorio, eta Inazio Mujika editorearen aholkuari jarraiki, epilogo hori luzatuz liburuxka bihurtzea erabaki zuen. Bere memorian bilaketak egin eta dokumentatu ondoren, gutxika garai bateko zein besteko oroitzapenak jasoz joan zen.

Lan horrez gain, 1991ean idatzi zuen «Etorriko haiz nirekin?» nobela ere argitaratu berri da orain gutxi, ale elebidun batean: «Etorriko haiz nirekin? / ¿Vendrás conmigo?» izenburua hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo