GARA > Idatzia > Kultura

Tabakalerako bideo korporatibo bat saritu dute Cannesen ospatutako jaialdi berri batean

Lehenengo aldiz ospatu den Cannes Corporate Media & TV Awards jaialdian zilarrezko Izurde batekin saritu dute Tabakaleraren iragana, oraina eta geroa azaltzen duen «Ibilitako bidea» bideoa.

GARA | DONOSTIA

«Ibilitako bidea», Morgan Creativos ekoiztetxeak Tabakaleraren eskariz egindako bideo korporatiboa Cannes Corporate Media & TV Awards jaialdian zilarrezko Izurde batekin saritua izan da. Rosa Zufia Tabakalerako Komunikazio zuzendariak jaso zuen saria ostegunean Canneseko Majestic hotelean izandako sari banaketa ekitaldian. Morgan Creativos ekoiztetxe donostiarreko ordezkariak ere bertan egotea aurreikusita zegoen, baina azkenean ezin izan dute joan.

Carlos Rodriguez errealizadore eta Asun Lasarte ekoizle izan dituen bideo hau 2010ean egindako lana da, Tabakaleraren iragana, oraina eta etorkizuna irudi eta testigantza bidez erakusteko helburuarekin sortua. Bideoak Tabakalerako proiektu kulturalaren eta berritze arkitektonikoaren ardatz nagusiak azaltzen ditu eta azken urteotan egindako ibilbidearen errepaso zabala egiten du. Horretarako, proiektuarekin nolabaiteko harremana izan duten hainbat eta hainbat pertsonen parte hartzea eta testigantzak baliagarri izan dira. Euren lekukotzak eskaini dituztenen artean denetariko pertsonak aurki daitezke: Joxean Muñoz, Tabakalerako zuzendari ohia, sortzaileak (Julian Schnabel, Pe Lang, Xabier Erkizia...), zinemagileak (Jim Jarmusch, Isabel Herguera, Koldo Almandoz...), kultur eragileak (Lourdes Fernandez, Bartomeu Mari, Vicente Todoli, Bernard Serexhe...), tabako fabrikako langile ohiak eta proiektu kulturala garatu eta eraikitzeko prozesuan antolatu diren jardueretan eta lantaldeetan parte hartu duten pertsonak.

Cannes Corporate Media & TV Awards jaialdiaren lehenengo ekitaldia izan da aurtengoa. Filmservice Internationalek antolatutako ekimenaren helburua ikus-entzunezkoen alorrean gertatzen ari diren eraldaketek dakartzaten erronka eta exigentzia berriei erantzutea da. Film eta bideo korporatibo eta instituzionalak eta telebistarako egindako lanak dira euren interesgune nagusia.

Jaialdiaren lehenengo ekitaldi honek oso harrera beroa izan du eta 27 herrialdetako 350 lan aurkeztu dira. Epaimahaia ikus-entzunezkoen alorrean, marketinean eta komunikazioan adituak diren nazioarteko profesionalek osatu dute eta epaimahaiburu Peter Beck, Suitzako Zinema Elkarteko presidentea, izan da. Euren ardura izan da jaialdiko 33 ataletako sariak izendatzea; horien artean, Tabakalerari buruzko lana bideo korporatiboei eskainitako «Corporate Films and Videos» atalean izan da saritua.

LEHEN, ORAIN, GERO

Hamaika minutu pasatxo dituen bideoak Tabakaleraren historia eta erronkak errepasatzen ditu modu azkar batean. «www.tabakalera.eu» atarian dago ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo