GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Euskal zinemak ordezkaritza izango du Beldurrezko Astean, bi lan estreinatuz

Fantasiazko filmak ere onartzen direlako, Erdi Aro giroko film epiko bat, eta arriskuaren aurrean kikiltzen ez diren hiru aberetxo kazetariren abenturen filma estreinatuko dira Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Astean. Euskarazko filmak dira biak, «Mystikal» da bata, bideo-jokoen itxura hartzen duena, eta besteak, «Midas erregearen altxorra» trazu fineko marrazkiekin haurrengana iristeko bidea egiten duena, horiei moldatutako umorea erabiliz.

p041_f01_148x088.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Film baten grabaketa Croma izeneko pantaila baten bidez gauzatzea ez da gauza berria zinema eta telebista munduan. Teknika honekin benetako irudiak eta pertsonak hondo berde edo urdin neutro batean grabatzen dira, eta ondoren, ordenagailu bidez eginiko irudiekin betetzen dira kolore horietan eduki guztia; eguraldiaren iragarpenean egiten den bezala.

Hala ere, filmean agertzen diren paisaia eta beste elementu guztiak, aktoreak izan ezik, digitalki sortuak izatea ez da gauza oso ohikoa izaten. Halakoa da Dibulitoon ekoizpen-etxe gipuzkoarrak sortu berri duen «Mystikal» film luzea. Bertan agertutako ia guztia faltsua da; hori bai, Iban Garatek, Savitri Ceballos-ek eta gainerako aktoreek hezur-haragizkoak izaten jarraitzen dute, zuzendariaren ustetan aktoreak ez baitira sekula desagertuko.

Erdi Aroko fantasia giro betean murgiltzen du ikuslea film honek, aztiak, sorginak eta fantasiazko beste hainbat izaki agertzen direla. Protagonista Eldyn da, azti ikasle trakets eta baldarra; eta akats txiki baten ondorioz, hil ala biziko borroka bat sortuko du.

«Mystikal» Angel Alonso zuzendari pasaitarraren bigarren film luzea da. Film honetan «300» edota «Avatar» filmetan erabilitako prozesu beraz baliatu da, hau da, hutsik zegoen grabazio plato batean egin duten lan aktoreek. Iban Garatek azaldu zuenez, «kontzentrazio handia eskatzen du hala lan egiteak, baina malgua eta aberatsa da aldi berean».

Lanaren zailtasuna zela-eta Agurtzane Intxaurraga izan dute laguntzaile gisa. Aktoreen zuzendariaren esanetan, «teknologiari bihotza jartzen» saiatu da; izan ere, aktoreei irudimena lantzeko aholkuak ematen zizkien.

Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Astean bihar estreinatuko da, eta nazioartean abenduaren 3an eramango dute zinema aretoetara. Euskal Herrian euskarazko bertsioan ere emango da, filmaren jatorrizko bertsioa euskarazkoa baita.

Animaliak kazetari

«Animal Channel» filmak hasi zuen proiektuaren jarraipena da «Midas erregearen altxorra» larunbatean estreinatuko da, haurrentzako sekzioan. Honako honetan aurreko hiru protagonista berdinak, Kati zikoina, Niko sagua eta Lorri loro afrikarrak Midas erregearen altxor ezkutuaren inguruan beste abentura batzuk izango dituzte.

Maite Ruiz de Austri zuzendariak azaldu zuenez, abenturazko film bat egin nahi zuten, bizkortasuna zuena. «Haurrentzako dago pentsatuta. Gustukoa izan dezaten, barre egin dezaten eta baita hainbat balio ikas ditzaten ere», azaldu zuen Ruiz de Austrik. Sei eta bederatzi urte bitarteko haurrentzat egin da.

Denbora-pasa izateaz gain, filma hainbat eskoletan ere banatuko dutela azaldu zuen zuzendariak. Hala, film luzea ikusi aurretik haurrek prestaketa lan bat egingo dute eskolan, eta ikusi ondorengo beste bat ere egitea da proposatutako ideia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo