GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Gure ibilbidean eskalada eta ekipatzea elkar loturik daude»

p042_f02.jpg

Antton ZABALA - Ekaitz MAIZ
Eskalatzaileak eta ekipatzaileak

Andoni ARABAOLAZA

Batek baino gehiagok esango luke: «A ze parea, karakola eta barea!» Eta ziur aski arrazoia izango luke. Bi ekipatzaile zein eskalatzaile hauek hari magiko batek elkar lotuta daude. Kidetasunaren hariak baino haratago. Izaera errebeldeak sua piztu du, edo sua pizten duen izaera errebeldea. Argi dagoena da ez direla suhiltzaileak. Eta horren isla Lezaian ikusi da.

Lezaian bide bana zabaldu izanak harritu nau, han marra naturalentzat lekurik ez dagoela kontuan izanda. Zergatik hori?

Antton: Aitortzen dut dagoeneko bide naturalik ezin dela sortu Lezaian, baina azkenaldian erabat motibatuta nengoen eskola horretako bide batzuekin, eta horretan nengoela Ekaitzek marra bat sortzeko proposatu zidan. Eta, jakina, nafar bati ezin ezetz esan (kar, kar). Esan beharra dut ere bideak ekipatzeko grina sartuta dudala, eta kontuan hartuta Lezaian ordu pila bat pasatzen dudala otu zitzaidan Ekaitzek eta beste ekipatzaile batzuek egin bezala, bada nik ere Lezaiari zer edo zer ematea.

Ekaitz: Udan oso gustuko dut Lezaia, helduleku nahiko onak dituelako eta erresistentzia lantzeko toki aproposa delako. Baina beti bide berak errepikatzeak nekatu egiten du, eta aspaldian buruan neukan bidea ekipatu nuen. Lezaian zegoen giro onean eskalatu eta udako proiektu bezala hartu nuen «Sua piztu», nahiz eta udazkenaren atarian kateatu (kar, kar).

Zuk, Ekaitz, makina bat bide sortu dituzu eskola horretan. Eta zuretzat, Antton, aurreneko marra zen. Aurkeztuko al dizkiguzue zuen sormenak?

A: «Izaera errebeldea» izena jarri diot. Gutxi gorabehera 20 metro luze da, eta bere ezaugarri nagusia erresistentzia motza da. Bideak, oro har, bi giltza ditu. Lehena bigarren txapan dago, helduleku txikiko bizpahiru mugimendutako blokeko tarte bat da. Bigarrena, berriz, bidearen irteeran dago; hain justu desplometik plakara pasatzen zarenean. Pilak kargatuta, hots, erresistentzia puntu batekin iritsi behar zara sekzio hori gainditu ahal izateko.

E: «Sua Piztu» marra aspaldi ikusita neukan. Bidea indar erresistentziazkoa da, Lezaian ohikoa den estiloa, baina hemen besteetan baino gehiago nabaritzen da. Blokeko hasiera baten ondoren, atseden gune bat eta etenik gabeko 20 mugimendu ditu, blokeo luze eta orpo tekniko batzuekin. Hemen nabaritzen da inon baino gehiago `txispa' non bukatzen den, ze, erresistentziaz gain, indar handiko mugimenduak daude. Hortik aterata, beste `atseden gune' batera iristen zara eta blokeko beste pauso baten ondoren, bukatu dira zailtasunak. Esan beharra dago estilo honetan erraza dela `eskura' izatea, baina hortik kateatzera nahiko tarte handia egon ohi da; `engainatzen' duen estilo bat da.

Eulaten erdibana sortu zenuten bide bat («Nafarroa EHren bihotza» 8b+). Nola ikusi duzu, Ekaitz, zure kideak bide bat sortzen izan duen lehen urratsa?

E: Poztasun handiarekin ikusi dut Anttonek bidea nola zabaltzen zuen. Ni eskalatzen hasi nintzenean ohikoa zen eskalatzaile guztiek bideak zabaltzea. Jende gutxiagok eskalatzen zuen, eta eskalatzaile guztiak edo ia guztiak eskalatzaile zein ekipatzaile ziren: Juanjo Iriarte, Endika Martinez, Koldo Baiona... Etxaurin eta beste eremuetan makina bat bide zabaldutako eskalatzaileak ziren eta niri ere filosofia hori transmititu zidaten. Egun, eskalatzaile gehienek graduari begiratzen diote, beren kateatzeak Interneten apuntatzen dituzte eta babesle asko izatea eta aldizkarien azalean agertzea dute helburu.

Izugarri pozten nau Antton, belaunaldi horretakoa izanik, ekipatzen ilusio horrekin ikusteak. «Izaera errebelde»an sika ustelak atera zitzaizkion, baina horrela ikasten da (kar, kar). Bideari garrantzirik kendu gabe, jarri zion ilusioa nabarmenduko nuke.

Lasai asko esan dezakegu, Antton, zure sokakidea izan dela gai honetan zure aitaordea. Nola sartu zizun ziria?

A: Duela hainbat urte ezagutu nuen Ekaitz. Beti erabat motibatuta dabil bai eskalatzen bai ekipatzen. Eta, jakina, motibazio horrek kutsatu ninduen. Kuriositatea neukan, eta, zuk aipatu duzun bezala, lehen bidea erdibana zabaldu genuen Eulaten. Oraingo honetan sormen lan bat nik bakarrik egitea otu zitzaidan; ikusi nahi nuen neure burua lan hauetan. Aitortu beharra daukat lan eskerga dela, baina Ekaitzek hainbat aholku emanda askoz ere errazagoa egin zait. Oso harro nago eginiko lanarekin.

Txoritxo batek esan dit bide horiek zabaldu eta ekipatzeaz gain, apusturik ere egin duzuela. Hots, nor lehena izan bere bidea kateatzen. Nola izan da apustu kontu hori eta nork irabazi du?

A: Ekaitz, nafar finak bezala, apustuzale amorratua da; beti ere, kidea motibatzeko helburuarekin. Nafarrek gipuzkoarrei aurpegiratzen digute apustua soilik irabaziko dugula dakigunean onartzen dugula. Eta, jakina, hori gertatu zen (kar, kar). Bai, nik irabazi nuen. Hala ere, apustuaren aitzakia barre apur bat egitea zen, eta gero mahai baten inguruan afari goxo bat dastatzea.

E: Eskaladari `bizigarri' pixka bat emateko afari bat jokatu genuen. Alabaina, oraindik ez dugu afaririk egin.

Behin bideak kateatuta, zailtasunaren inguruko proposamenen garaia da. Ze gradukoak izan daitezke?

A: Lehenik eta behin, nabarmendu nahi nuke bidearen zailtasunari baino marrak dituen pausoei zein mugimenduei benetako garrantzia ematen diedala. Eta gogoratu behar dut ere sikatuak dituela. Hala ere, oso marra ederra dela iruditzen zait. Egin ditudan beste bide gogor batzuekin zein sasoiko nengoela ikusita, uste dut 8c izan daitekeela.

E: 8c/c+ gisa proposatzen dut. Lehen aipatu dudan bezala, zaila da estilo horretan graduatzea: 8c gogorra, 8c+ txikia... «Legez kanpo» egin nuenetik (nire lehen 8c) Lezaian gehien kosta zaidan bidea izan da. Frogatzen hasi nintzenean ez nengoen oso sasoiko, baina denborarekin beste toki batzuetan bide gogor batzuk egin ditut. Horrekin eta Lezaian dauden 8c zailtasuneko beste bide guztiekin alderatuta, gogorragoa dela iruditzen zait.

Horrela bada, Antton, zure lehen 8c bidea da. Zailtasun horretako bide bat zabaltzeak, lehen igoera egiteak eta gradu horretako lehen marra sinatzeak zer garrantzia du zure ibilbidean?

A: Zailtasunari begiratuta beste koska bat egin dut, baina, hala ere, askoz ere gehiago bete nau neure sormen lanaren lehen igoera egin izanak.

Arestian aipatu dut zu, Ekaitz, zarela Lezaiako «alma materra». Han zabaldutako besteen artean, «Sua piztu» bideak ze toki du?

E: Lezaiako bide gogorrena izan daiteke. «Artapalo»k (8c) bi kateatze bakarrik ditu (nirea eta Patxi Usobiagarena), baina niretzako «Sua piztu» gogorragoa da. Kalitateari dagokionez, ez zait iruditzen biderik onena denik, «T linfozito»(8b+) edo «Presoak kalera» (8a) askoz hobeak iruditzen zaizkit.

Oso motibatuta zaudete bai eskalatzen bai bideak sortzen. Badirudi zuen ibilbideetan bi eite horiek elkar loturik joan behar dutela derrigorrez. Hala al da?

A: Dudarik gabe. Aurrerantzean bide gehiago ekipatzeko helburuarekin jarraituko dut. Bide berri horiek nire zailtasunaren mugan badaude, askoz ere hobeto. Hori bai, haien estetika eta kalitatea ez ditut ahaztu nahi.

E: Bai horixe. Beste eskalatzaileek zabaldutako bideak errepikatzea ongi dago, besteak beste, bistaz eskalatu edo zailtasunaren erreferentziak izateko. Baina bideak ikusi, irudikatu, zabaldu eta kateatzea da niretzat eskaladaren alderik sortzaileena eta gehien betetzen nauena. Eskaladaren funtsa da. Izugarri pozten nau antzeko motibazioak dituzten beste eskalatzaile batzuk lan horretan ikusteak: Endika, Jabi, Joseba, Marti, Antton...

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo