GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasotik lehorrera Sasoian egoteko ariketak

Neguan egunak laburrak dira, eta itsasoratzeko aukerak, murritzagoak. Sasoian egoteko ariketak egin daitezke, ordea.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Oraindik udazkena bada ere, neguan sartu gara bete-betean. Ordu aldaketarekin asko dira arratseko surf saioa egiteko aukerarik gabe geratuz, aurrerantzean, itsasoaz gozatzeko asteburuaz baliatu beharko dutenak. Itsasoratzeko soilik astean bi egun izateak sasoia makaltzera garamatza, eta ondorioz, olatuez gozatzeko aukera dugun egunean asko kostatzen zaigu gutxieneko erosotasunez jardutea. Sasoiko egoteko ariketa batzuk egin daitezke, ordea.

Itsasotik kanpo egin ditzakegun ariketek helburu jakin bat izan behar dute. Bi multzotan bana ditzakegu ariketak, batetik erresistentzia lantzen dutenak daude, olatua hartu bitartean egiten dugun ariketa lantzeko lagungarri direnak. Bestetik, potentzia, malgutasuna eta indarra lantzekoak daude, olatu gainean gaudenean egiten ditugun ariketak burutzeko lagungarri izan daitezkeen ariketak, alegia.

Entrenamendu ariketak, landu nahi dugun atalaren arabera, modu askotara egin daitezke. Surferako prestatzen ari bagara, ahal den neurrian ariketak itsasoan bertan egitea komeni da, prestatzen ari garen jarduera burutzeko ingurune naturala baita. Jarraian aipatzen diren ariketa asko itsasoan egin daitezke. Olaturik gabeko egunak esaterako, aproposak dira itsasoan ariketak egiteko. Olatuak dauden egunerako sasoian egoten lagunduko digute ariketok.

Arraunketa

Kontuan hartu behar da surflari batek itsasoan pasatzen duen denboraren %1 baino ez duela olatu gainean igarotzen. Gainerako denbora guztia arraun egiten edo olatuaren zain igarotzen du. Egunero itsasoratzeko aukera duenak itsasoratze hutsaz egiten duen ariketarekin eusten dio arraunean jarduteko ahalmenari, baina egunero itsasoratzeko aukerarik ez duenak oso azkar gal dezake arraunketarako sasoia, eta gero asko kostatzen da hori errekuperatzea. Horregatik komeni da sasoiko egoteko ariketak maiztasunez egitea.

Arraunketa ahalmen on bat mantentzeko modurik onena taula hartu eta nonbait arraun egitea da, dudarik gabe, egin nahi dugun ariketarekin antz handiena duen ekintza baita. Horretarako aukerarik ez duenak edo aukera bakar gisa igerilekuan jardutea duenak, crawl estiloan igeri egin dezake. Bestela, igerilekuetan oso ohikoa den kortxozko xafla bularpean jarrita igeri egiteak ere sasoia gordetzen lagun diezaguke.

Gorputz atalak orekatuak mantentzea ere garrantzitsua da. Arraunean ordu asko egiten ditugunez, jarrera jakin batean egiten dugu denbora asko, gorputzeko atal batzuk asko landuz. Beste atal batzuk ez ditugu ia erabili ere egiten, baina hauek ere indartsu izatea komeni da, luzera begirako lesioak ekiditeko.

Adibidez, taularekin arraun egitean bizkarraldea asko lantzen da, baina aurrealdeak esfortzu txikia egin behar du, beraz abdominalak egin daitezke aurrealdea landu eta gorpuzkera orekatua mantentzeko. Gainera abdominalak landuta izateak olatu gaineko ariketetan asko lagun diezaguke.

Ariketak

Olatu gaineko ariketei dagokienean berriz, egunero itsasoratzen denak ere egin ditzake uretatik kanpora ariketak, surf maila hobetzeko. Adibide bat jartzearren, badira behin zutik jarrita ia makurtu ere egiten ez diren surflariak. Luzatu eta makurtzea, flexio-extensioa, ezinbestekoa da surfean. Lehorrean, surfeko oinarrizko posturan jarri, eta makurtuta lau segundo irauteko gai ez bagara, olatuan goazenean ere ez gara gai izango, beraz izterrak, koadrizepsak indartu behar ditugu eta hori uretatik kanpo egin dezakegu. Malgutasunarekin berdin, uretatik kanpo atzoko ogia baino gogorrago bagaude, ez pentsa uretan gauzak aldatuko direnik, hori kanpoan landu beharreko zerbait da.

Beraz, lehenik olatu gainean zertan huts egiten dugun jakin behar dugu, eta ondoren, behin ahulguneak identifikatuta, horiek kanpoan nola landu erabaki beharko dugu. Akatsak antzemateko modurik egokiena grabaketa bat da. Ez da erraza grabaketa on bat egitea, lan handia eskatzen du, arreta handia, baina behin itxurazko grabaketa bat izanda, egiten ditugun akatsak zehaztu ditzakegu.

Yoga

AEBetan egin zuten inkesta batean, surf egiteko lagungarri izan daitezkeen jarduerei buruzko zerrenda bat egin zuten. Lehen hiru postuek puntuaketa berdintsua jaso zuten. Skatean ibiltzea, surfeko bideoak ikustea eta yoga egitea ziren gehien aipatzen ziren jarduerak.

Yoga mota asko daude eta denak dira oso osasungarriak. Batzuek arnasketan gehiago sakontzen dute, besteek laxatzean, orekan eta abar. Surf egiteko asko lagun dezakete diziplina guztiek, baita beste hainbat diziplinek ere, pilatesa kasu. Baina agian ashtanga yogako ariketak izango dira surflarien artean azken urteetan arrakasta gehien izan dutenak.

Ashtanga yoga oso dinamikoa da, indarra, arnasketa, malgutasuna eta oreka lantzeko diziplina egokia da. Yogaren ohiko irudia, eserita, hankak gurutzatuta eta begiak itxita ametsetan dabilen indio itxurako hippy batena bada ere, ez da irudi erreala. Hori yogaren zati bat baino ez da. Ashtanga yogan izerdi asko botatzen da. Alde bateko giharra luzatzen den bitartean beste aldekoa lantzen da, eta horrela gorputzaren lanketa orekatua lortzen da, ariketa bakoitzak kontra-ariketa bat duelarik. Olatu gaineko ariketetan asko lagun dezake yogak. Lesioetatik babesteko bitarteko egokia ere badela esan daiteke, gorputz atalak malgu eta aldi berean indartsu edukitzeak lesio mota asko ekidin baititzake.

Apnea

Ur azpian ahalik eta denbora gehien irauteko gaitasuna izatea garrantzitsua izan daiteke, batez ere olatu handietan dabilenarentzat. Famatuak dira "In God's hands" filmeko irudiak. Surflari batzuk olatu handietan ibiltzeko entrenatzen agertzen dira bertan, eta ariketetako batean ur azpian harriak garraiatzen ari direla ikusten da.

Apnea lantzeko, yogako arnasketa ariketek asko lagun dezakete, baina ariketa hauek ez dira batere errazak, urteetako praktika eskatzen dute. Hala ere, apnea lantzeko metodoak ugariak dira, uretan egiteko ariketa anitz dago, baita uretatik kanpo egin daitezkeen ariketak ere. Helburua arnasa gordeta ahalik eta denbora gehien irautea da, eta horretarako, birikak lantzeko ariketa asko egin daitezke, baina egia esan, norberaren berezko ahalmenaz harantzago emaitza onak lortzeko zailtasun handienetakoak dituen eremua da hau. Segundo gutxi batzuk irabazteko esfortzu handia eskatzen duen ekimena da biriken ahalmena lantzearena.

Oreka

Olatu gainean egiten duguna antzeztu nahi badugu, oreka ariketak ezinbestekoak dira. Irudimen pixka batekin olatuko mugimenduak antzezteko ariketak asma ditzakegu. Ez dago denei balio dien ariketarik, batzuei ariketa batek lagunduko die eta besteei beste batek, norberak egin behar ditu saiakerak lagungarri zaion ariketa aurkitu eta hobekuntzan sakontzeko.

Gutxieneko oreka bat eskatzen duten beste kirol batzuk ere egin daitezke, skatea kasu. Inoiz ez da gauza bera izango, baina sasoian egoten lagun dezake, baita surfean erabiltzen ditugun zenbait gihar lantzen ere.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo