Gari Mujika Periodista
Ilogikari logika jarri nahi
Zurrunbiloak harrapatuz gero, ahalegin handia egin behar izaten da bere atzaparretatik ihes egin eta baretasuna lortzeko. Eta politikagintzan zer esanik ez.
Komunikabideen bidez sortzen dituzten mezuen zurrunbiloak korapilo bilakatzeko arriskua izan ohi dute gehienetan. Are gehiago, aldaketak eta garai itxaropentsuak datozela iragar daitekeenean. Herritarrak akats hori egiten iaioegiak gara zoritxarrez, intentzioz jositako mezu horiek gure egoera emozionalean eragiteko bideratzen baitituzte, bide batez, politikan ere eragiteko. Adibidez, ezker abertzalea ekimen politikoa etenik gabe garatzen ari den honetan, errepresioaren bidez estatuek bestelako mezua ezarri nahi dute gurean: denak berdin jarraitzen duela, alegia, aldaketak ez direla iritsiko -ez euren borondatez-, eta euskal herritarrek etsipen sentsazioarekin jarraitu beharko dutela. Eta komunikabideek, doan, zerbitzu hori egiten diete estatuei.
Berdin jokatzen dute gehienek Euskal Herriak bi estatuekin bizi duen gatazka politikoaren gainean. Eta herritarrek egiten dugun akatsik handienetakoa hori guztia normaltasunez hartzea da, nolabait logikarik ez duten gauzek ere logika bat badutela barneratuz. Torturaren errealitate gordina adibide argia izan daiteke. Tortura salaketen aurrean, komunikabide zein agintari espainolek nagusiki, erresistentziaren biolentziarekin alderatzen dute, nolabait logika batean kokatzeko. Ez dute aipatzen, ordea, torturatzaileak direla benetako terroristak, hitzaren oinarriari berari eutsiz, estatu batek bideratzen duen biolentzia baita, funtzionario publikoek egiten dutena, eta herritarrek ordaintzen dituzten zergekin sarituak direnak gainera.
Ez da gauza berria gurean, baina hotzean pentsatzen jarrita ere izugarria da, ez soilik torturaren erabilpena, baizik eta zenbat estatu aparatuk sostengatzen duten berau, eta zenbat komunikabidek zilegitzen. Higuina ematen du. Eta batik bat, horrelako errealitatearekin, normaltasunaren pean, bizitzera kondenatu nahi dituztelako herritarrak. Gurean, ETB ere ezin gutxiago izan. Akaso, ez da adjektiborik geldituko bere egungo «kazetaritza» lana deskribatzeko, baina tortura salaketak isilarazi nahi izateak, larunbateko hogei mila ahotsekin egin bezala, kazetaritzarena baino politika jardunaren tankera du.