GARA > Idatzia > Ekonomia

30 urteren ondotik, erronka berriei erantzun nahi die GFAM Lurrak

1979an sortu zen GFAM Lurra Amikuzeko kantonamenduko Bithiriña herrian, laborari bati instalatzen laguntzeko. Diru bilketa kanpainak jarri ditu abian elkarteak, bere ibilbide luzean beti ere ildo nagusi bati jarraituz: «Lurra guztion ondasuna da, eta, laborarien kudeaketapean jarria».

p024_f01.jpg

Ainize BUTRON

Nafarroa behere, Zuberoa eta Lapurdiko baserri eremuetan espekulazioaren lehenengo aztarrenak antzematen hasi zirelarik abiatu zen GFAM Lurra egitasmoa. Hogeita hamar urtez, herritarren parte hartze eta laguntzari esker, lurrik gabeko laborari gazteei lan eremua eskuratzen laguntzen aritu da elkartea. Ibilbide horretan, herritar orori irekiriko harpidetza kanpainak bideratuz, GFAM Lurrak hamahiru proiektu lagundu ditu, eta, Arüe herrian dagoen egitasmo batentzako kanpaina abiatu du berriki. «Kanpaina bakoitzean laboraria plantatu edo instalatu ahal izateko parteak salgai jartzen ditugu 63 eurotan», zehaztu dute elkartekoek. 30 hektareako lurrak erostera iritsi dira ibilmolde horrekin, eta, orotara 2.500 herritarren parte hartzea izan dute. «Bilduriko diruari esker, lurrak erosten ditugu, eta, kanpainan parte hartu duten guztiak lur eremu horren zati baten jabe dira», argitu zuten batzorde kudeatzaileko kideek. Ahurtin, Bastidan, Amendüzen, Arruetan, Armendaritzen, Arrosan, Aintzilan, Lakarrin, Irulegin, Lohitzünen eta Ainharben ditu egun lur eremuak elkarteak.

«Lurra abiatu zelarik, printzipio nagusi batekin egin zuen: lurra laborariaren kudeaketapean jarritako guztion ondasuna da. Ildo horri eutsi diogu 30 urtez. Kanpainak aurkeztuak zaizkigun egitasmoen arabera bultzatzen ditugu», argitu zuen Marie-Claire Lorgory elkarteko kudeaketa batzordeko kideak.

«Lurraren salmentaren kontrol eta espekulazio» arazoak mahai gainean jartzea lortu du, beraz, elkarteak egindako ibilbideari esker, baina 30 urte horietan laborantza munduaren bilakaerak sortu dituen erronkak gogoeta berrietan sartu ditu elkarteko kideak: etxaldeen %50ean jarraipenik ez izatea, behar guztiei erantzuteko baliabide eskasak, urbanizatzeari ematen zaion lehentasuna, duela 30 urte izandako lehen kanpainen bidez plantaturiko laborariak erretiratzeko bidean izatea.

«Datuen arabera, 2010ean, 236 gaztek jardun nahi zuten laborantzan. Horietarik %47 ez ziren laborari familiakoak», argitu zuen, bestalde, Xemark Etxartek. Nekazari izateko bideratu behar den prozesuaren ondotik, kopuru hori %7ra jaisten zela esan zuen atsekabez. «Lurrik gabeko gazteen %7 horrekin ez da etxaldeen hustearen arazoa konponduko. Nekazaritza mundutik ez datozen gazteentzat plantatzeko ibilbidea zaila da. Eta departamenduko egiturek, askotan, ez dituzte sostengatzen», gaineratu zuen Etxartek.

Euskal Herri mailan

Laborantza munduaren bilakaerak sortu dituen erronka berri horiei erantzuteko, GFAM Lurrak gogoetak bideratu zituela jakinarazi zuten elkarteko kideek. «1979an elkarteak biziraupen mugatua izanen zuela uste zen. François Mitterrand hautagaiak bere kanpainako programan lurrak kudeatzeko erakundea sortuko zuela aipatu zuen. Baina, presioak izan zituen eta ez zuen egin, beraz, elkarteak jarraitu du», esan zuen.

Egungo egoerak sortzen dizkien mugak gainditu ahal izateko, GFAM Lurra elkarteko kideek hainbat pista gogoetatu dituzte. Baliabideen arazoari aurre egiteko, Estatu frantses mailan dagoen Terre de Lien elkartearekin lankidetza bultzatzeko asmoa dute, batetik. «Lan ildo bera dugu, baina, bitarteko gehiago dituzte. Helburua lurra laborantzan egotea da», argitu zuen Etxartek. Bestalde, Euskal Herri osoari zabaldua den egitura sortzeko aukera ere aipatua dute. «Xedea da lurra herri elkargoek eros dezatela, laborantzarentzat eremuak atxikitzeko. Baina, hori aurrera eramateko borondate politikoa behar da», bukatu zuen. Anartean, bere hamalaugarren egitasmoan sartua da, eta, otsaila bitartean, Arüen hamar hektareako lurra erosteko 40.000 euro bildu nahi ditu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo