Lau eta Erdiko Txapelketa
Berasaluzek bidezidorretik tontorrera iristea lortu zuen
Partida airez laburtuz eta Arretxeren opariei etekina ateraz, Titinen aurka jokatzeko txartela eskuratu zuen.
BERASALUZE VIII.A 22
ARRETXE II.A 17
Jon ORMAZABAL
Tontor askotara bi bidetatik irits daiteke, motz eta pikoagoa, bata, eta luze eta etzanagoa, bestea. Motzenetik ez da beti lehenago iristen, baina Pablo Berasaluzek argi zuen Titin III.aren aurka jokatu ahal izateko pilotakada gutxiko partida komeni zitzaiola, eta atzo Eibarren bidezidor egokia aurkitu zuen, nahiz eta une batzuetan majo sufritu zuen.
Sake osteko erremateak aprobetxatu eta airez aurkaria mugituz, partida gehiena kontrolpean izan zuen Berrizko aurrelariak hasiera-hasieratik, baina halako bideek arrisku, sastraka eta oztopoak ere izaten dituzte eta partidak ez zuen, inondik inora, orain bi urte bi protagonistek Astelenan bertan jokatutakoaren batere antzik izan.
Hori bai, bizi ekin zion aurrelari bizkaitarrak; airez arerioa alderik alde mugituz eta tantoak nolabaiteko erraztasunez batuz, 5-1 aurretik jarri zen markagailuan.
Iker Arretxeren asmoak, ordea, oso bestelakoak ziren. Jakin bazekien tantoak gogortu eta piloteoa luzatzean zetzala bere garaipenaren giltza. Helburu hori, ordea, oso gutxitan lortu ahal izan zuen, partida bostera berdintzea lortu ahal izan zuenean.
Akats larriak
Izan ere, Pablo Berasaluze unerik okerrenak pasatzen ari zenean, haizea eman zion nafarrak Berrizkoari, halako partida garrantzitsuetan egin ezin diren hutsekin. Partida estuen zegoen tarte horretan, hiru falta egin zituen ia-ia jarraian, bi, sake motzegi egiteagatik eta bestea, bosgarren koadrotik oso atzera botatzeagatik.
Aurkariaren opariei muzin egin gabe eta bere airezko baliabideei esker, Pablo Berasaluzek berriro alde egin zuen markagailuan, aurkariaren tantoak bikoizteraino (16-8).
Emandakoa berreskuratu nahi izan zuen aurkariak sakeekin, eta eramateko egokiak ziren hiru huts eginda, beste makalaldi bat izan zuen Pablo Berasaluzek, Iker Arretxeri garaipena lortzeko itxaropena emanez.
Luzaideko aurrelariak, ordea, harri berean egin zuen estropezu; bi tantora hurbiltzea lortu zuenean -16-14- beste akats larri bat egin zuen, aukera-aukerako pilota bat zabaleko egurretara bidaliz. Iker Arretxek partida osoan etsi ez zuen arren, Pablo Berasaluzek ez zion aurkariaren laguntzari muzin egin eta bidezidorretik tontorreraino heltzea lortu zuen.