GARA > Idatzia > Kultura

Eulalia abaitua, euskal herriko argazkilaritzan aitzindari

Eulalia Abaituak hamarkadetan zehar praktikatu eta liluratu zuen zaletasunari esker, gaur bere garaiko Bizkaiko bizitzari buruzko irudi bilduma aberats eta ederra dugu. Eulalia Abaitua Allende-Salazar (1853-1943) Euskal Herriko lehenengo emakume argazkilaria da.

p040_f01_250x124.jpg

Anartz BILBAO

Sarrera horren bidez aurkezten du «Eulalia Abaitua argazkilaria» Maite Jimenez Ochoa de Aldak, BBKren Bizkaiko Gaiak sailean euskaraz eskaini dion liburuan. Eta Jimenez bera da Bilboko Euskal Museoak Abaituari buruz aurkeztu berri duen erakusketa atondu duena -museoko bertako arduradunen esanetan, bilbotar argazkilari aitzindariari buruz gehien dakiena-.

«Argazkilaritza zaletasun izan zuen emakumea dugu Eulalia Abaitua Allende-Salazar», argitu digu Jimenezek berak, aipatu ezagutzari bidea emanez. «1853an jaio zen bilbotar familia burges batean, eta 18 urte zituela Liverpoolera jo zuen, familiarekin batera, bertan bizitzera. Urte berean ezkondu, eta Ingalaterran bizi izan zen, harik eta 1978an bueltan Bilbora -orduan Begoñakoa zen elizatera, beraientzat propio eraiki zuten etxe batera- etorri zen arte. Pinuaren Jauregia deituriko horretako sotoan argazki laborategia jarri zuen, bere zaletasuna gustura jorratzeko». Beraz, Bilbora itzuli zenerako ezkondua eta ama ere bazen Abaitua.

Jakiterik ez badago ere, badirudi Ingalaterran zenean izan zuela Abaituak argazkilaritzarekin lehen harremana -horrela uste dute askok-. «Kontua da Bilboko Euskal Museoan den bere argazki bilduman ez dagoela garai hartako plakarik, 1875ekorik, esaterako -ikerketa lanetan gabiltza oraindik ere-. Baina, 1900 ingururako Abaituak, argazkilaritza teknika menperatzeaz gain, badaki zein argazki egin nahi dituen, zer eta nola jarri nahi duen objektibo aurrean», argitu digu, garbi, Bilboko Euskal Museoan lan egiten duen historialariak.

Bilboko Euskal Museoak Eulalia Abaituaren familiari erosi zion haren argazki bilduma. «2.500 irudi ingururi buruz ari gara berbetan, eta egun, horietatik kasik 1.800 katalogatuak ditugu», jarraitu du Jimenezek.

Argazkilari afizionatu legez, Abaituak gustuko zituelako egiten zituen argazkiak, plazer hutsez. «Eta, modu batean, bere momentuko bizipenak azaleratzeko. Berak gustuko zituen egoerak, zirrara eragin edo hunkitzen zutenak edo gogorarazteko modukotzat zituenak, bai bere familia hurbilari zegokionez bai etxetik kanpokoei zegokienez».

Argazkilariaren irudietan, beraz, bere familia aberatsa ezagut dezakegu, baina baita bere etxean lan egiten zuen lorezaina ere. Eta etxetik kanpo, Erriberako azokako arrain saltzaileak, ibai ondoan arropa garbitzen aritzen zirenak edota Arratia eskualdeko argazki batzuk ere ageri dira bilduman.

Alberto Schommer argazkilari itzaltsuak bere garaian «Naturaltasuna» izenburuko testuan idatzi zuen bezala: «Eulalia, bere herria maite duen eta interpretatzera dedikatu den begi sentikor bat da (...) Emakume honek ez du artea arteagatik bilatzen, ezta argi-jokoak edo konposizio korapilatsuak ere, benetako reporter bat da, gaur Magnum agentziako argazkilari handia izango litzateke (...) Eulalia Abaituak garbitasun morfologiko eta etnografiko kalkulaezina eta handia duen obra bat utzi die ondorengoei (...) Bere artea naturaltasun handiaz osatzea zen». Abaituak, beraz, bere garaiko kronika ederrak utzi zizkigun, argazki-makinarekin harrapatu zituen irudien bitartez.

Ezagupenak, argazkigintzan 

Abaituaren lana eta bere garrantzia ezagutzeko, komenigarria da, Jimenezen laguntzarekin, argazkilaritzaren beraren historiaren zantzu batzuk ezagutzea. «Argazkilaritza XIX. mende erdialdean jaio zen. 1839an izan zuen lehen agerpen publikoa. Une horretatik aurrera, ahalik eta irudi zehatzenak eta ahalik eta errazen ateratzeko bidea garatu zen. 1850eko hamarkadan albumina agertu zen -argazkiari garbitasuna eman ziona-, 1860koan zilarrezko gelatino bromuroa euskarri gisa... eta 1880koan modu estandarizatuan merkaturatu zen gerora, besteak beste, Abaituak erabili zuen tresneria: beirazko xafla estereoskopikoak erabili zituen gehien, positiboak zein negatiboak, 4,5 x 10, 7 cm-ko formatuan eta gelatino-bromurozko emultsioarekin».

«Abaituak teknologia berri hori ezagutu eta erabiliko zuen aurrerantzean, eta argazkilaritza munduan bere garaian jazo ziren aurrerapen eta aldaketen lekuko izango zen». Abaituaren Euskal Museoko artxibategian, esaterako, koloretan egindako 90 autokromo inguru daude, merkatura 1907 inguruan agertu zirenak (erakusketa honetan eskegi ez badira ere). Beraz, eta laburtzeko, «aurrerapenak gertatu ziren, eta berak baliatu egin zituen», historialariaren esanetan. Eta gaiei dagokienez, «Eulalia Abaitua erretratugilea zen, batez ere. Pertsonen erretratuak dira bere interes nagusia, familiakoenak edo herriarenak, aisialdian zein eguneroko zereginetan, lanean. Eta bere argazkietan baserri zein hiri giroko paisaiak agertzen badira ere, ez da ohikoa».

Euskal Museoko erakusketan agertzen diren irudien garrantzia nabarmentzeko orduan, «denetarik dago», dio Jimenezek. «Argazki bilduma Abaituaren ondorengoei erostean, museoa ohartu zen alderdi antropologiko, etnografiko eta historikotik begiratuta, irudi batzuk harribitxiak zirela». Horregatik, 1990az geroztik, Abaituaren ondarea herriari ezagutarazteko ahaleginean, Bilboko Euskal Museoak bost erakusketa atondu ditu hogei urtetan. Lehena, «Gure aurreko andrak. Mujeres vascas de ayer» izenekoa, eta azkena, orain ikusgai dena. Tartean, izan dira Begoñako elizatea, Bilboko itsasadarra edo garaiko familia tradizionalak gai izan dituzten erakusketak ere, Abaituaren argazkiz osatuak.

«Hogei urte igaro dira, eta saiatu gara emakume honek egin zuen lana azaleratzen, batetik, eta bere irudien bitartez gure historia agertzen, bestetik». Eta orain, «momentu aproposa iruditu zitzaigun aurreko erakusketa guztiak batu eta atzera begirako baten bitartez laburpen bat egiteko eta ikuspuntu orokor bat agertzeko, beti ere gure ustetan Abaituaren laneko arlo esanguratsuenak direnak aukeratuta».

Hautaketa horretan, bada Jimenezek kontuan hartu duen beste bitxikeria bat ere: «Ikusleari ezagut ditzakeen aurpegiak jarri nahi izan dizkiogu aurrean. Eta ez da batere erraza, orain ehun urte egindako argazkiak dira-eta. Abaituari eskaini dizkiogun erakusketetan, orain arte anonimoak ziren argazkietan ageri ziren aurpegi gehienak. Eta guztietan orri bat jarri diegu eskura bertaratu direnei, aurpegiren bati izena ipintzeko aukeraren bat izan genezakeelakoan. Eta saiakerak izan zituen bere emaitza txikiak. Horrela, esaterako, lehen ezezaguna genuen arropa garbitzailea orain Begoñako Boni baserriko Rosario dugu».

Emakume aitzindaria

Eulalia Abaitua Allende-Salazarren jardueraren garrantziaz ohartzeko, zaletasuna argazkilaritzaren hastapenetan garatu zuela jakiteaz gain, komeni da beste ezaugarri batzuk kontuan izatea. Batetik, ez zen ohikoa XX. mende hasieran emakume batek, kamera hartu, eta argazkiak egiten jardutea. «Ez da ohikoa, nahiz eta munduan barrena izan ziren argazkilari emakumeak bere aurretik, berarekin batera, bai eta ondoren ere -ezohiko emakumeak, sekulako argazkiak atera zituztenak, zoragarriak-. Kontua da historian emakumeok, ikusten denez, garrantzia gutxi izan dugula», kexatu da Jimenez. «Baina Euskal Herrian, garai haietan ezagutzen dugun emakume argazkilari bakarra da -guk dakigunez-, eta horregatik dugu aitzindari. Bestetik, aintzat hartu behar da argazkilaritza, gero eta estandarizatuago dagoen arren, garestia zela oso (materialak, ekipoa...). «Argazkiak egiteko diruduna izan beharra zegoen, eta Abaituak bazuen, familia burges garrantzitsuko kide zen-eta».

«Eulalia Abaitua (1853-1943) argazkilaria» erakusketak iragan ostiralean ireki zituen ateak, eta Bilboko Unamuno plazako Euskal Museoan izango da ikusgai datorren urteko maiatzaren 29a bitarte. Bertaratzen denak lehiaketa txiki batean parte hartzeko aukera ere izango du gainera, orain ehun urteko Bizkaia ezagutzeko parada izateaz gain.

Euskal Museoak Abaituaren jarraitzaileak lehian jarriko ditu

Bilboko Euskal Museoak, erakusketa baten bitartez, Eulalia Abaitua Allende-Salazarren argazki lanak plazaratzeaz gain, lehiaketatxo bat antolatu du, bertaratzen direnen parte hartzea bultzatzeko asmoz eta «Eulalia Abaituaren argazkiak ezagutzea eta jakin-mina areagotzea» helburu hartuta.

Bi lehiaketa dira eta bi ataletan banatuta daude (16 urte arteko gaztetxoentzako eta helduentzako).

Parte hartzeko egin beharrekoa erraza izango da. Lehen lehiaketan erakusketan eskegita dauden irudietatik bat hautatu beharko da, zein eta zergatik azalduta (abenduaren 3oera arte). Bigarrenean, erakusketan ageri direnen antzeko argazki bat atera beharko du egungo argazkilariak, bere garaian Abaituak agertu zituen toki, osaera, ospakizun... berberak erabiliz. Bigarren honetan, lanak aurkezteko epea erakusketa bukaerarekin bat etorriko da, 2011ko maiatzaren 29a hain zuzen. Sariei dagokienez, berriz, gaztetxoek argazki kamera digital bat jasoko dute, eta helduek, aukeratutako Abaituaren argazkia, marko eta guzti.GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo