GARA > Idatzia > Kultura

Miren Agur Meabe idazleak ahoskotasuna du aldarri «Zazpi orduak» liburuan

p043_f02_88x84.jpg

A. B. | BILBO

Elkar etxeak Miren Agur Meaberen «Zazpi orduak» liburua aurkeztu zuen atzo, Xabier Mendiguren Elizegi editorearen esanetan, «hogei urte barru ere irakurriko den lana».

Miren Agur Meabek hitzari eman nahi dio garrantzia liburuan, eta ahozkotasuna nagusi zen garaietan jarri du begirada. Akaso horregatik, testu klasikoetako makina bat erreferentzia hartu ditu ipuinak osatzeko, (alegietako animaliak, Bibliako irudi ezagunak, ipuin klasikoetakoak...).

«Zazpi orduak» makina bat istoriok osatzen dute, istorio makro batean bilduak, kopla, bertso eta kantuen laguntzaz osatuak. Protagonista, batez ere, emakumeak ditu (alaiak, jakintsuak, adoretsuak...). Lanari Xanti Rodriguezek jarri dizkio irudiak, azpeitiar argazkilariak liburu batean egiten duen lehen lanean.

Mezu sakona

Lekeitiar idazlea sortzaile ezaguna da euskal letretan, helduentzako poesian eta haur eta gazte literaturan egindako liburuengatik batez ere. Aurten, esaterako, «Bitsa eskuetan» olerki liburua plazaratu du Susan -urtetxoak ziren helduentzako plazaratzen ez zuela-; eta atzo, «Zazpi orduak» aurkezterakoan, «gai beraren inguruan nabil bueltaka», onartu zuen, aldaketaz eta bizitza berriaz mintzo baita bidaia ere badiren bi lanetan. Olerki liburuan «mundu erreala landu dut, eta honako honetan berriz, alegiazkoa».

Meabek liburuaren igorleak berak ere ez zuen argi atzo lana nori zuzenduta dagoen, edo beste modu batean esanda, norentzat izan daitekeen aproposa adin tarteari dagokionez. «Gaztetxoek irakurtzen badute, agian ipuinak bere horretan geldituko dira, soil. Eta helduagoek berriz, aurkituko dituzte akaso ipuinean gorderik diren mezu sakonagoak». Guzti hauek ulertzeko apropostzat jo zuen, gainera, liburuari erantsi dioten gibel solasa.

Fitxa

Egilea: Miren Agur Meabe.

Ilustratzailea:

Xanti Rodriguez.

Liburua: «Zazpi orduak».

Argitaletxea: Elkar.

Orrialde kopurua: 168 orri.

Salneurria: 17 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo